Komiki batera eraman dute Txagoitiko errotaria

Juanma Gallego 2021ko uzt. 4a, 12:00

Ruben Bravok prestatu du komikia. AÑUAKO ADMINISTRAZIO BATZARRA

Añuako Administrazio Batzarrak eta Burguko udalak komiki bat prestatu dute Txagoitiko errotariaren istorioa jasotzeko. San Joan egunaren bueltan txikiei eta ez hain txiki direnei zuzendutako ekitaldi batekin lotu dute komikia.

Denbora asko igaro da Txagoitiko errotak azken lanak egin zituenetik, baina, Añuako Administrazio Batzarreko presidente Ruben Bravoren arabera, errotak "inoiz baino bizitza gehiago du orain". Izan ere, eraikin horren inguruan jasota zegoen abesti batean abiatuta, antzezpen bat prestatu dute, herriko txikienei bideratua, euskal mitologia ezagutu eta gozatu dezaten.

Aurtengo osasun egoera bereziak ekimena beste modu batera egitera eraman ditu antolatzaileak, eta, horregatik, Txagoitiko errotariaren istorioa komiki batean biltzeko ideia izan dute. Zazpi orriko komiki laburra da, eta, momentuz, 150 ale egin dituzte, San Joan egunaren bueltan banatzekoak.

Bravok aitortu du etorkizunean komikia gehiago hedatzeko eta euskaraz ere eskuragarri eskaini ahal izateko ideia buruan duela, baina, momentuz, umeekin egin ohi duten ekitaldi xume bati begira haren kabuz prestatutako komikia baino ez da. Norber Fuente ilustratzailearen laguntza izan du pegatinak egiteko, eta Gladys Martinezen kolaborazioa ere izan du. 

Pegatinak, bai. Izan ere, umeek zinez maite dituzte pegatinak, galtzagorriz jantzita daudenean ere. Ekitaldiaren muina horretara bideratu dute. Errotaria, Tartalo eta Mari agertzen diren eranskailuak komikian itsasteko modukoak dira. 

Errotari galdua

Hitz gutxitan, istorioak dio errotan irintze lanetan ari dela errotaria, eta, bat batean, euri jasa erortzen zaiola gainean. Galtzagorri txiki batzuek lagunduko diote herrira itzultzen, ezkilen soinuaz lagunduta. San Joan suaren inguruan amaitzen da kontua, noski.

Arima hilgarri direnen begietan bederen, buruhandi bat da Txagoitiko errotaria, baina ez da herritik bueltaka dabilen buruhandi bakarra. Azken urteetan prestatu dituzten ekitaldi eta ibilaldi desberdinetan, halako beste hainbat pertsonaia sortu dituzte. Besteak beste, Mari, Basajaun eta Tartalo daude, eta galtzagorri lanetan aritzeko moduko boluntario txiki asko ere izan dituzte herrian.

Ekimen hauek guztiak duela hainbat urte abiatu ziren, herriko ondarea berreskuratzeko asmoz. Burguko udaleko herri bakoitzeko ibilbide eta kondaira bana berreskuratu dituzte, baina horiek ez daude soilik inguruko herritarrei bideratuta. Izan ere, 7hx7i.blogspot.com helbidean interesa izan dezakeen lagun ororen esku jarri dituzte ibilbideak, horiek errazago egiteko tracka eta guzti lagunduta

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago