Aurten ospatu ahal izan du azkenik Aguraingo Literatura Txokoak bere 11. urtemuga, iaz pandemiagatik bertan behera uztera behartuta egon baitziren hamar urteurrenaren ospakizuna. Taldearen ibilbideaz hitz egin du ALEArekin koordinatzaile lanak egiten dituen Ainhoa Arbaizak.
Modu berezian ospatu duzue taldearen hamaika urteko ibilbidea?
Berez, iaz betetzen genituen hamar urte, eta ekitalditxo bat antolatu genuen, baina beste baterako uztera behartuta egon ginen. Aurten, zorionez, izan dugu berreskuratzeko aukera. Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedarekin bildu ginen aurreko astean eta saio berezia eskaini ziguten, Hitzen ahairea. Nolabait ere literaturaren mundutik musikara egon den jauzia jasotzen dute horretan, eta guk aurreko hamar urteko ibilbidean irakurritako liburuak oinarri hartuta ea saio bat prestatuko zuten proposatu genien. Liburu batzuk eta egile batzuk aukeratu zituzten, eta oso saio polita izan zen.
Araban irakurle txokorik zaharrenetariko bat izango zarete?
Badakit Gasteizen badagoela bat, maila itzela izan behar duena, Iban Zalduak zuzentzen baitu. Gurea etxekoagoa da.
Etxekoagoa?
Hasiera batean gela batean elkartzen ginen, baina azkenean erabaki genuen tabernan elkartzea, eta zerbeza baten bueltan aritzen gara. Liburuek gugan uzten dituzten emozioak eta sentimenduak partekatzen ditugu, batik bat, eta gure hausnarketak gehien bat alde horretatik joaten dira. Baina, lehenik eta behin, liburua gustatu zaigun edo ez zaigun gustatu azaltzen dugu, zuzenean. Gure artean konfidantza handia dago hitz egiteko.
Nola sortu zen taldea; aurretik elkar ezagutzen zenuten?
Batzuk bai. Agurain ez da oso handia, eta euskalgintzan ibil- tzen baldin bazara... Euskara elkartea sortu zen, eta hasierako jarduera batzuen artean liburuen inguruan elkartzea proposatu zuten. Horrela hasi ginen elkartzen. Garai batean Araiakoak ere etortzen ziren, baina AEK euskaltegiak aurten irakurle talde txiki bat sortu du bertan. Dena den, idazleak gonbidatzen ditugunean etortzen dira hona.
Irakurle amorratuak zarete?
Ez bereziki. Badago baten bat asko irakurtzen duena, batez ere erretiratu zenetik. Ni orain oporretan saiatuko naiz egunean zehar irakurtzen, bestela gauez irakurri behar izaten dut. Gustatzen zaigu irakurtzea.
Talde egonkorra zarete?
Bai. Egon dira joan-etorri batzuk, eta batzutan jende berria hurbiltzen da, baina talde egonkor bat sortu da; gure artean oso ezberdinak gara, baina oso pozik gaude.
Nola aukeratzen dituzue irakurri behar dituzuen liburuak?
Boteprontoan. Nik urte batean proposatu nien ikasturte osorako zerrenda bat egiteko, baina emozioekin asko jolasten dugu, eta batzutan gertatzen zaigu liburu mardul baten ondoren zerbait freskoagoa behar dugula, horregatik nahiago dugu liburuak momentuan bertan aukeratzea.
Nolakoak dira zuen topaketak liburuen inguruan?
Niri "dinamizatzailea" ezizena jarri didate, eta normalean gidoitxo txiki bat eramaten dut taldean tira egiteko. Normalean ez dut erabiltzen gauzak berez ateratzen direlako: pertsonaiei buruz, idazlearen inguruko biografiari buruz... Batzutan orden txiki bat eramatearren daramat bakarrik, erraztearren. Lehe- nengo erronda beti izaten da: zer inpresio daukagu? Hortik hasten gara. Eta gero sakontzen hasten gara, pertsonaiekin beste batzutan sakonean dauden gaiak jaso eta gaur egunera ekartzen ditugu.
Zenbat liburu aztertu dituzue hamaika urte hauetan?
Guztira, 62 liburu izan dira.
Gogoratzen dituzu lehen eta azken liburuak?
Ba kasualidadez Uxue Alberdi-ren bi liburu izan dira. Lehena Aulki jokoa eta azkena Denda ostekoak.
Idazleen bisitak ere jaso dituzue, ezta?
Uxue Alberdirena izan genuen, Katixa Agirre, Kirmen Uribe, Patxi Zubizarreta, Karmele Jaio. Eta aparteko saioak ere egin ditugu; Garbiñe Ubedarekin egin genuena oso berezia izan zen, bere nebak etorri zirelako, Bide Ertzean taldekoak, musikarekin laguntzera.