San Joan eguna Aguraingo herritarrek gehien espero dutenetako bat da. Iaz eta aurten ezin izan dituzte ospatu herriko zaindariaren omenezko ospakizunak, pandemiaren ondorioz. Hala ere, aurten, azken ehun urteetan egindako 340 argazki baino gehiagoko erakusketa batean herriko karrozen desfilearen nondik norakoak jaso dituzte. Ekainaren 26tik aurrera erakusketa zabalik dago Zabalarten.
Aguraingo karrozak apain- tzeko errebindikazioa eta umorea erabiltzen dituzte bizilagunek, eta ekainaren 24an, goizeko zazpietan, Aguraingo Udaleko korporazioarekin batera doan segizioaren parte dira, Arrizalako Ergoiena auzoraino.
Kepa Ruiz de Egino erakusketaren sustatzailea eta antolatzailea izan da. Bizilagunei eskatu zizkieten argazkiak emateko, eta "mugimendu handia" egon dela adierazi du Ruiz de Eginok. 260 argazki koloretan eta beste 80 zuri-beltzean jaso dituzte.