"Garbitzen hotza pasatzeagatik omenaldia egiten didazue? Ezin dut sinistu". Hala jaso du, negarrari ia ezin eutsiz, Zalduondoko emakume batek bere bizilagunek herriko latsarrian ekitaldi publiko batean eman dioten esker ona. Emozioz eta harrotasunez.
Mercedes Duran, Isabel Martinez de Maturana, Maribel Arakama, Clara Mugika eta Eli Arakama dira omendu dituzten latsariak. Garbitokian plaka bat ere jarri du Zalduondoko Udalak, Rosario Apaolaza Lopetegi Txaritoren irudiarekin, mende honen hasieran oraindik modu tradizionalean garbitzera joaten zen azken emakumea.
Izan ere, latsariei egindako omenaldiaren abiapuntua Rosario Apaolaza Lopetegi izan da. "Hemen Txarito deitzen genion, artzaina zen eta lan hori egiten zuen. Bere izenean lan horretan ibiltzen ziren emakume guztiak omentzea pentsatu genuen, pertsona horri plaka bat jartzea; asmoa zabaldu zenean, jendea hitz egiten hasi zen, eta lan hori egiten zuten emakume gehiago atera ziren".
Gustavo Fernandez Billate Zalduondoko alkateak azaldu du herriko emakumeek familiaren arropa garbitzen eginiko lana aitortu nahi izan duela Udalak, "batez ere pandemia garai hauetan, non garbitasuna oso presente dagoen, lan horrek duen balioa azpimarratu nahi izan dugu".
Emakumeen lanari aitortza
Iragan ekainaren 14an antolatu zuten ekitaldia. Modu xume batean, latsarrian ibili ziren herriko bost emakumeri hitz batzuk eta lore-sortak oparitu zizkieten. Bertako alkateak azal- du duenez, "harridura eta emo- zio handiz, eta harrotasun puntu batekin" jaso zuten omenaldia: "Beraientzat lan arrunta zen, eta ez zuten espero inondik inora inork aitortzea egindako lana".
Ekitaldi horretan jende asko bildu bazen ere, alkatearen irudikoz, garrantzitsuena izan da asmoa eta historia bolo-bolo ibili direla herrian, eta "hitz egin da emakumeek egiten duten lanari buruz, kontuan hartzen ez den lanari buruz hain zuzen ere".
Izan ere, emakumeek egin du- ten ekarpena berreskuratzeko eta nabarmentzeko lan-ildo bat du aspalditik Zalduondoko Udalak. "Zalduondoko historiari buruz kanpora begira ditugun erreferenteak denak dira oso maskulinoak: Zeledon, Markitos, Atxaga, Blas Arratibel..., denak dira gizonezkoak. Halere, egu- nerokoan emakumeen lana ezinbestekoa izan da gizartea eta herria aurrera ateratzeko, eta memoria horri behar duen garrantzia eman nahi diogu".
Hartara, azken urteetan Estibaliz de Iloa Inkisizioaren jazarpena sufritu zuen Lautadako emakumearen izena jarri diote Iturbero eta Bidezahar auzoen artean dagoen parkeari. Halaber, "Zalduondoko gure historia txikian ere emakumeen ekarpenak jaso genituen, eta 2017an Zalduondo Indarkeria Matxistarik Gabeko Udalerria izendatu genuen eta konpromiso zehatzak hartu genituen horretan lan egiteko".