Eolikoarekin batera, energia fotovoltaikoaren eztandak bete -betean hartu du Araba. Dagoeneko ezagunak dira Arrazua-Ubarrundian, eta Komunioi, Zubillaga eta Fontecha herrietan Solaria eta Repsol multinazionalak aztertzen ari diren proiektuak. Bada, Lautadan ere ehun hektareako proiektu bat kokatzeko lurra bilatzen ari da Solaria, bigarren parke fotovoltai- koa egiteko.
Espainiako multinazionalak, alde batetik, Burguko Administrazio Batzarrera jo du, eta, bestetik, Quilchanoko Komunitatera. Azken horrek Argomaiz, Etxabarri-Urtupiña, Mendixur, Gebara eta Burguko herrien artean dagoen ermita bat eta landa-lurrak biltzen ditu. Alfonso Ortiz de Zarate Burguko Administrazio Batzarreko lehendakari eta Quilchanoko Komunitateko nekazari eta presidenteak Radio Vitorian azaldu duenez, hasiera batean, ez daude prest lurrak Solariari alokatzeko.
Paisaiari eragiteaz gain, lur emankorrik gabe geratuko liratekeela esan du Ortiz de Zaratek, eta parke fotovoltaikoak inguruan lan egiten duten hogei nekazari ingururi eragingo lieke.
Alta, ez da Solariarena Barrundia udalerrian aurreikusten duten eguzki parke bakarra. New Circle Energy multinazionala ere lurzoru bila dabil Agurain eta Heredia kontzejuen artean, 50 hektareako parke bat kokatzeko.
Ahopeka zabaldu diren informazioen arabera, plaka fotovoltaikoak orain arte nekazaritzako lurzoruan instalatu nahi dituzten konpainiek 1.200 eta 1.500 euro arteko alokairua eskaintzen diete jabeei, eta, kasu askotan, horrek nekazaritzako ustiategiak berak baino onura gehiago sortzen ditu.
Hutsunea legean
Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarria %405 handitzea aurreikusi du, 2019an 466 MW izatetik 2030ean 2.356 MW izatera igaro nahi baitu. Hain zuzen ere, fotovoltaikoan egingo litzateke hazkunde handiena: 2019an 55 MW izatetik 2030ean 966 MW izatera. Horrela jasotzen da bederen 2019an onartutako Euskadiko Jasangarritasun Energetikoaren Legean. Lege horrek Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) garatzeko konpromisoa zuen, EAEko lurzoruak eta banaketa antolatzeko, baina hori egin gabe dago.