Lautadako ALEA

"Niretzat gastronomia ez da jana eta edana bakarrik"

Anakoz Amenabar 2021ko uzt. 4a, 08:00

Alejandro Salcedo sukaldaria. / A. S.

Sukaldeak hankaz gora jarri ditu denbora gutxian Alejandro Salcedok (Dulantzi, 1994). ALEA FM saioan kontatu ditu abian jarritakoak.

Basque Culinary Centerreko bigarren promozioan ikasitakoa, azken hilabeteetan EatyJet proiektua jarri du martxan, modu berezi batean munduko sukaldaritza inguru hauetara dakarren egitasmoa. 

Zein da prestatu duzun azkeneko platera?

Ogitarteko bat izan da. Oilaskoa, Koreako ukitua duen entsalada batekin. Madrid Fusionen aurkeztu berri dugu, eta bigarren sariarekin etorri gara etxera. Herrialde desberdinen arteko nahasketa hori izugarria izan da.

Halako txapelketaren batean parte hartu duzu aurretik?

Duela bost urte kroketa txapelketan egon nintzen, Madrid Fusionen baita ere, eta finalera heldu nintzen, baina ezin irabazi.

Azkeneko hilabeteetan, ordea, EatyJet proiektuarekin zabiltza buru-belarri. 

Bai, Amira Lemhaouliarekin batera prestatutako proiektua da. Joan den urtean, ostalaritza itxi zutenean, zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Guretzat gastronomia ez da soilik jana eta edana, zerbait gehiago da; istorioak eta esperientziak ere badira. Eta horiek bateratuta jarri genuen abian EatyJet. Bidaiatu ezin zen momentuan, beste modu batera bidaiatzeko aukera eman nahi genuen; etxetik bidaiatzea esperientzia gastronomikoekin. Bi astean behin plan desberdin bat prestatzen dugu.

Kuba, Sizilia, New York, Brasil... hainbat txoko bazkari desberdinekin.

Guk esperientzia bat prestatzen dugu. Horiek bilatu, eta dokumentazio lan handia egiten dugu txoko bakoitzarekin. Kuban, esaterako, saltsa masterclass bat egin genuen Instagram bidez. Txoko bakoitzean berezitasun bat bilatzen saiatzen gara.

Jasotako platerei azken ukitua norberak eman behar die, ezta?

Bai. Ikusi genuen etxera eramaten diren bazkariak ez direla egoera onenean heltzen, eta azken ukitua emateko aukera pentsatu genuen guk. Bazkaltzeko momentuan prest izateko. Kutxarekin etxera iritsi, eta bost minutuan prest duzu dena.

Martin Berasategirekin, Gasteizko Zabala eta Marvelous jatetxeetan... Zenbait lan egin dituzu aurretik.

Bartzelonan egon naiz, Suedian... Betidanik praktika desberdinak egiteko gogoa izan dut. Basque Culinary Centerren gradua egin nuen, eta katapulta bat izan zen niretzat, baina horren ostean ere asko praktikatu behar da. Gustatzen zait aukera desberdinak probatzea.

Nondik datorkizu sukalderako zaletasuna?

Amak gogoratu didanez, txikitatik esaten nuen sukaldaria izan nahi nuela.Sukaldean nenbilen beti, eta 12 urterekin lapiko artean. Eta ohiko jatetxe bat izatea ere izan zen nire ametsa lehen, baina orain ez dago lehentasunen artean.

Nolakoa da egiten duzun sukaldaritza?

Ez daukat eredu bakar bat. Nirea sukaldaritza mota desberdinen nahasketa dela uste dut. Horiek nahastuta ateratzen diren plater berriak sortzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago