Aguraingo Udalak eta XabiGune Kultur Elkarteak antolatuta, zortzigarren JazzHerrian Jaialdia egingo dute uztailean. Ohi moduan, kontzertuak doan izango dira, baina iaz bezala edukiera mugatua izango da, eta eserita jarraitu beharko dira kontzertuak indarrean dauden osasun-neurriak direla eta.
Uztailaren 10ean eta 11n izango dira lehendabiziko kontzertuak. Dulantzi plaza hartuko du Resaca Jackson talde gasteiztarrak hilaren 10ean, 19:30ean; hasierako soinu sendo eta freskoa mantentzen du taldeak, AEBetako hegoaldeko rockaren eta bluesaren eraginekin batera. Hurrengo egunean, hilaren 11n, Arima Soul donostiarrak izango dira Santa Maria plazan; Lidia Insausti (ahotsa) eta Mikel Makalak (baxua) sortutako musika proiektu berria da, geroago Hilario Rodeiro (bateria) gehitu dena.
Hilaren 16an San Juan plaza izango da agertoki Itziar Yague gasteiztarrarentzat. Bere lehen diskoa ekarriko du Jazzherrian saiora. Musika afroamerikarraren genero klasikoen esentzia biltzen du lanean: blues vaudeville-a, betiko jazz soinuak eta gospel edo kantu espiritualen oihartzuna. Uztailaren 17an, berriz, Sheilah Cuffyren txanda izango da, Sagarmin plazan, 13:30ean. Soul, jazz eta funky soinuak eramango ditu Cuffyk Agurainera.
Azkeneko asteburuan, hilaren 23 eta 24an, Magufada Banda eta Howdy Bluegrass taldeak igoko dira agertokira. Arabako Mendialdetik helduko da Magufada Banda cumbia, punk zein soul doinuak umorearekin nahastuta; 23an, 19:30ean, Euskal Herria plazan. Bluegrass estiloan oinarritzen den Howdy taldea 24an izango da, 19:30ean, Caños plazan.