Lautadako ALEA

Nekazaritzaren memoria aletzen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko uzt. 5a, 06:00

Ilarduiako Gloria Ruiz de Luzuriagaren etxean artoaren aleak garbitzeko Ajuriako makina martxan jarri dute berriz. 60 urtez lanak arindu zituen aparatuaren funtzionamendua erakutsi die emakumeak gazteei.

Lautadako altxor preziatuen artean daude nekazarien makineriak, gaurkoak eta lehengoak. Baserri askotan aire girotua eta usb-kargagailua duten John Deere traktore modernoak espazioa partekatzen du Ajuriako makina zaharrarekin. Ilarduiako Gloria Ruiz de Luzuriagaren etxean, esate baterako, urte luzez gorde dute artoa aletzeko makina. Orain dela bi urte makina biltegitik atera zuten, eta garbitzen, txukuntzen eta margotzen ibili da emakumea. "Ez dugu konponketa handirik egin behar izan, oraindik ondo dago makina".

Egun hauetan familiako gazteek aukera izan dute aletzeko makina martxan ikusteko eta amonarekin batera lehengo lana nola egiten zuten ikasteko eta probatzeko. Artaburuak zutik sartzeko esan die gazteei Ruiz de Luzuriagak, bestela ez direlako ondo garbituko. Amonaren aginduz, batek gurpilari eragiten dion bitartean beste batek artaburua jasotzen du; arto-aleak garbitu gabe geratzen baldin badira, eskuz kentzen ditu hirugarrenak. Hogei minuturen ostean, anega erdia hartzen duen kutxa hiru aldiz bete dute gazteek, eta zakuan gorde dituzte arto-aleak. 

Hirurogei urtez jarraian

Lanean ari diren bitartean, etxeko atarian hartu du Ruiz de Luzuriagak ALEA, eta makinaren ondoan azaldu du Ajuriako harribitxiak baserriko egunerokoan izan duen garrantzia."Asko erabili dugu makina hau. Hemen, lehen, artoa asko ereiten genuen, ganadu asko zegoelako; etxeetako ukuiluak beteta zeuden, eta artoa animaliak elikatzeko erabiltzen genuen batik bat. Horregatik erosi genuen makina hau". Ordurarte eskuz aletu behar zituzten artaburuak, banan-banan, burdin bat erabiliz. "Oso lan gogorra zen", esan du emakumeak.

Hirurogeita bost urtez erabili zuten artoa garbitzeko makina Ilarduiako Ruiz de Luzuriagaren baserrian. "Garai hartan –gogoratu du– aletzeko makina izatea gaurko uzta biltzeko makina izatea bezala zen; aletzeko makina zuena zorionekoa zen, kar, kar, kar". Gasteizen erosi zuten, Araiako Ajuria fabrikan ez zutelako horrelakorik egiten; "Araian gehiago patatak ereiteko, aukeratzeko eta ateratzeko makinak egiten zituzten".

Artoaren gainbehera

Mota horretako oso makina gutxi zeuden Lautadan, beraz libre zegoenean denek eskatzen zioten Ilarduiako familiari artoaren lanak arintzeko. "Agurainen bazegoen beste makina bat, eta Ilarduian azken momentuan ere beste batek erosi zuen. Gogoratzen dut makinaren funtzionamendua erakusteko herriz herri eramaten genuela, baina gaizki tratatzen zuten, eta apurtzen zen; orduan erabaki genuen etxean uztea eta etxean bakarrik erabiltzea".

Momentu batean, makinari motore bat jarri nahi izan zion andreak, elektrikoa izateko, baina artoaren gainbehera etorri zen eta asmoa bertan behera utzi zuen azkenean. "Artoa oso gutxi ereiten da inguruan, ez dagoelako ganadurik. Lehen, ukuilu handia genuen etxean, txerriak eta oiloekin; idiak ere bagenituen, a zer lana ematen zuten!", gogoratu du. Orain, berriz, baratza batean arto-ilara batzuk ereiten dituzte, oiloei emateko, eta gazteentzat krispetak egiteko.

Halere, artoa aletzeko makina berreskuratzea ez da Ruiz de Luzuriagaren baserrian dagoen asmo bakarra. Raul Lopez de Munain semea sokak egiteko aitak erabiltzen zuen "tramankulua" berriro martxan jartzeko lanean dabil. Gainera, txilarrezko erratzak ere egiten hasi da, eta beste hainbat proiektu ditu lehengo nekazaritza bizimoduarekin lotuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago