Agurainen izango dira Arabako Neska Gazteen III. Topaketak

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 13:30
Arabako Gazte Feministen II. Topaketak 2018an egin ziren, Zuian. / Argazkia: HALA BEDI

Arabako txoko guztietako talde feminista gazteen indarrak bildu nahi dituzte uztailaren 3an Agurainen antolatutako Arabako Neska* Gazteon III. Topaketetan, Probatu ez duenak ez daki zer den hau! Saretu, antolatu eta eragin lelopean.

Aurreko bi edizioetan irekitako bideari jarraipena emango diote. 2017an, Amurrion, saretzeko beharrari erantzun zioten: "Araban neska* gazte talde ugari zeuden, baita feminismoaren bueltan mugitzen ziren beste hainbat neska* gazte ere, baina ez zegoen haien arteko elkar-harremanik", azaldu dute, atzera begira. Ondoren, bigarren urratsa Zuian eman zuten, 2018an.

Hasieran ezarritako helburuari erantzuteko antolatu dute topaketen hirugarren edizioa, "elkar saretu eta elkarrengandik ikasteko asmoz, baliabideak, ideiak, hausnarketak eta bestelakoak konpartituz".

 

Espazioen beharra

Pandemiak eragindako egoera honetan saretze hori "are beharrezkoagoa" dela uste dute. "Harreman sozialak garatzeko eta eztabaidarako espazioak sortzeko oztopoak milaka dira, eta espazio horiek esentzialak dira", aldarrikatu dute. Horregatik, "feminismotik eta gaztetasunetik hausnartzeko, eztabaidatzeko, formatzeko eta konspiratzeko" espazioa sortuko dute hurrengo asteko larunbatean.

"Azken urte honetan neska* gazteok antolatzeko zailtasunak izan ditugu, gure jardun politikoa mantentzeko oztopoak nonahi aurkitu ditugu. Beraz, zailtasun horiei aurre egiteko egitasmoa izango dira topaketa hauek, zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo Arabako neska* gazteok topaketak antolatzera goazelako!", gaineratu dute.

"Ahalik eta neska* gazte gehienei" luzatu diete parte hartzeko deia, "esperientzia aberasgarria izango baitira". Gainera, "saretzeko eta antolatzeko beharra" azpimarratuz, topaketen ostean ere tokian tokiko neska gazteen taldeetan parte hartzeko deia egin dute, "antolatzea eragiteko ezinbesteko izateaz gain, ahalduntze kolektiborako tresna ere badirelako, feminismotik eragin eta zapalkuntza sistema aldatzeko".

Izena emateko honako formulario hau bete behar da.

Egun osoko egitaraua

Hurrengo larunbatean, uztailaren 3an, Agurainen antolatutako topaketak 10:00etan hasiko dira, izen-ematearekin. Ondoren, ezagutza jolasak eta Barne osasuna pandemia garaian hitzaldiarekin jarraituko dute, hamaiketakoa egiteko atsedenaren aurretik. 13:00etan, feminismotik pribilegio zuria aztertuko dute, identitateen inguruko tailer batekin lagunduta.

14:30ean bazkari autogestionatua egingo dute, eta, ondoren, hainbat jarduera izango dira arratsalde osoan zehar: bingo musikatua, zunba eta neska gazteen genealogiak, besteak beste. Azkenik, jai eta aldarrikapen giroan amaituko dira topaketak: 18:30ean, Jone Urruela eta Miriam Buesoren kontzertu akustikoa izango da, eta, amaitzeko, 19:30ean, manifestazio musikatua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide