Eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzeko keinua bazter guztietara zabaldu da pandemia garai honetan, eta Zalduondoko Udalak keinu hori baliatu nahi izan du emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko eta gai horri buruz kontzientziatzeko.
Datozen hilabeteetan, zalduondarrek eta bisitariek informazioa jaso ahal izango dute hainbat gune publikotan kokatutako gel banagailuen erakustokietan, eskuak desinfektatzera jotzen duten bakoitzean. Bertan, indarkeria matxistari aurre egiten laguntzeko liburuxkak eskuratu ahal izango dira, hainbat edukiekin: emakumeek jasaten duten indarkeriari buruzko informazio praktikoa, harremanetarako telefonoak, arreta psikologikoko zerbitzua, aholkularitza juridikoa, biktimei arreta emateko zerbitzua eta abar.
"Hau da, zer egin? Eta nora jo?", azaldu du Zalduondoko Udalak. Egitasmoak indarkeria matxistaren aurkako Estatu Itunaren finantzaketa izan du.