Lautada, Axpurun eguneko zentroa irekitzeko bidean

Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 19:00
Axpuruko basozainaren etxean jarriko dute eguneko zentroa. / ERIKA LETAMENDI

Asparrena, Donemiliaga, Barrundia eta Zalduondok Aldundiaren "lankidetzarik eza" salatu dute, baina aurrera doa Axpurun eguneko zentro bat irekitzeko egitasmoa. Zazpi eskaera sinatu dira jada, eta finantzaketa beste erakunde batzuetan eskatu dute.

Batzar Nagusietan izan dira gaur Asparrena, Donemiliaga eta Barrundiako alkateak (EH Bildu), Txelo Auzmendi, Erika Letamendi eta Igor Medina. Foru Aldundiari "tratu diskriminatzailea" eta "lankidetzarik eza" leporatu arren, "borondate sendoa" agertu dute Axpurun (Donemiliaga udalerrian) Eguneko Arretarako Landa Zentro (EALZ) bat irekitzeko proiektuarekin aurrera egiteko.

Eguneko zentroak Lautada ekialdeko lau udalerrien eskaerari erantzungo dio. Azaldu dutenez, gizarte langileak txosten tekniko bat egin du dagoeneko, eta, horren arabera, zazpi eskaera sinatu dira jada zentro horretara joateko; zabaltzen denean, noski. Gizarte Politiketako foru diputatu Emilio Solak ziurtatu zuen, Aldundiaren datuen arabera, ez zegoela behar adina eskari zentroa abian jartzeko. "Ez da hala; argi dago eskaera badagoela", erantzun diote Lautadako alkateek.

Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondon, 65 urtetik gorako 436 pertsona bizi dira, eta horietatik 44k beteko lituzkete EALZ bat eskatzeko baldintzak, mendekotasunaren balorazioa egin ondoren.

Gaur egun 33 plaza baino ez daude Arabako Lautada osoan: hamar Asparrenean, hamar Agurainen eta hamahiru Dulantzin. Txosten teknikoak ondorioztatu du "egokia" dela Axpurun zentro berria abian jartzea, "adinekoek beren gizarte ingurunean jarrai dezaten laguntzen duen zerbitzu integratzailea, prebentziozkoa eta komunitarioa delako" eta, bereziki, "kokapen ezin hobea" delako erabiltzaileen beharrei erantzuteko.

"Diskriminazioa"

Donemiliagako Udalak egindako errekerimendu guztiak eta eraikina egokitzeko behar diren 50.000 euroak finantzatzeko, Aldundiak ezezkoa eman du, besteak beste, GOFEk eta Udalak eguneko zentro hori kudeatzeko hitzarmenik sinatu ez dutela argudiatuz.

Agerraldian, ordea, Erika Letamendi alkateak aurreratu du Udalak dagoeneko baduela jarduteko plan bat: diru laguntzak beste erakunde batzuetan eskatu ditu, eta Axpuruko Administrazio Batzarrarekin elkarlanean ari da eraikina lagatzeko. "Ez dugu itxaropena galdu, eta aurrera jarraitzen dugu, gure udalerrietan aplikatzen ari den bidegabekeriaren aurrean", adierazi du Letamendik.

Ildo berean, Txelo Auzmendi Asparrengo alkateak "koherentzia" eskatu dio Aldundiari: "Adinekoek beren etxeetan ahalik eta denbora gehien pasatzeko diskurtsoa partekatzen du, baina horretarako beharrezkoa da horrelako zerbitzuak izatea. Kasu honetan, jarrera diskriminatzailea dute gurekiko, eta bi urtez ez gaitu jaso ere egin", leporatu dio Auzmendik Aldundiari.

Urteetako atzerapena

Ez da lehen aldia Lautadako alkateak Aldundiaren egoitzara doazela erreklamazio berarekin. 2020ko irailean, zentroa martxan jartzeko atzerapena salatu zuten, eta, ordutik, Aldundiak "urrats bakar bat ere" egin ez duela kritikatu dute.

Baina atzerapena aspaldiagotik dator: Gizarte Politiketako arduradunek 2019ko otsailean bisitatu zuten zentroa kokatu nahi den eraikina; basozainaren etxe zaharra da, eta osorik birgaitu da. Duela bi urte baino gehiagoko bilera hartan, bainu batean hobekuntza txikiak egitea, igogailu bat jartzea eta altzariak erostea adostu zuten aldeek.

Donemiliaga, Barrundia eta Asparreneko alkateak. / EH BILDU

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide