Axpuruko eguneko arretarako landa zentroa martxan jartzeko atzerapena salatu dute

Erredakzioa 2020ko ira. 25a, 10:08
Adinekoentzako zentro bat eskatu dute Asparrena, Donemiliaga eta Barrundiako Udalek. / AFA

Egungo zentroak, pertsona askorentzat urrun gelditzeaz gain, nahikoak ez direla eta itxaron zerrendan daudela esan dute Lautadako alkateek. 

Asparrena, Donemiliaga eta Barrundiako Udalek Axpuruko eguneko arretarako landa zentroa martxan jartzea "inolako justifikaziorik gabe atzeratzea" leporatu diote Foru Aldundiari. Hala jakinarazi diote Batzar Nagusietako gizarte zerbitzuen batzordean egin duten agerraldian.

Azaldu dutenez, urtebete da Emilio Sola arloko diputatuari gutun bat bidali ziotenetik; horretan, gutxienez hamar plaza izango dituen zentro hori irekitzeko izapideak arintzeko eskatu zitzaion, baina hamabi hilabete geroago ez dute erantzunik jaso. 2019ko otsailean arloko arduradunek landa-zentroa bisitatu zuten. "Eraikinak eta kokapenak sentsazio atsegina sortu zien GOFEko eta Aldundiko ordezkariei; izan ere, zaharberritutako eraikinak berak ukitu txikiak behar zituen martxan jartzeko", zehaztu du Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak. Bilera horren ondorioz, erabaki zuten hobekuntza txikiak egin behar zirela komun batean, igogailu bat jarri behar zela eta altzariak erosi behar zirela. Horren guztiaren aurrekontua 50.000 euro inguruko dela gogoratu dute. "Hala ere, orduz geroztik Donemiliagako Udalak egindako eskaera eta errekerimendu guztiak ukatu egin dira, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak eta Udalak eguneko arreta zentro hori kudeatzeko sinatutako hitzarmenik ez dagoela argudiatuta".

195 pertsona

Bitartean, Barrundia, Donemiliaga, Zalduondo eta Asparreneko Gordoa eta Arriola herrietako bizilagunek zentroa martxan jartzeko zain jarraitzen dutela kritikatu dute. Gaur egun, herri horietan 75 urtetik gorako 195 pertsona daude eta Dulantzi, Agurain eta Asparreneko zentroetara bideratzen dira. "Egungo zentroak, arreta eta zerbitzu egokiak eskatzen dituzten pertsona askorentzat urrun gelditzeaz gain, ez dira nahikoak eta itxaron zerrendan daude".

Asparreneko alkateak gogorarazi duenez, zentro horiek udalaren eskumenekoak dira eta bi helburu garrantzitsu betetzen dituzte. "Alde batetik, adinekoak egoitza batera bidaltzea edo baliabide intetsiboagoetara eramatea atzeratzea; bestetik, pertsona bere etxean eta inguruan ahalik eta denbora gehien mantentzea, horrela despopulazioari aurre egitenez eta lurralde-oreka mantentzeko horretarako beharrezkoak diren zerbitzu egokiak mantenduz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide