Parke eolikoak

Natura babestearekin sentsibilizatuta daudenak deitu dituzte Aguraingo manifestaziora

Erredakzioa 2021ko mai. 21a, 10:50
Pasa den aste bukaeran, Dulantzin egindako ekimena. ARABAKO MENDIAK ASKE

Arabako Mendiak Aske plataformak manifestazioa antolatu du larunbat honetan Agurainen.

Parke eolikoen kontrako protesta berria dago asteburuan; oraingoan, Agurainen. Arabako Mendiak Aske plataformak deituta, manifestazioa izango da bihar, larunbata, 12:30ean.

Plataformatik aldarrikatu nahi izan dute Natura 2000 Sareko guneen egunean, parke eolikoak egitea aurreikusita duten Arabako eremu natural horiek "industrializatu gabe mantendu behar direla, azpiegitura gris inbasorerik gabe, beraien biodibertsitatea suntsi gabe". Azpimarratu dute ingurune horiek korridore ekologikoen bidez lotu behar direla, zatitzea eta isolatzea saihesteko.

Arabako Mendiak Askeren arabera, "lurralde honetako biztanleok jasotzen ditugun onura ekosistemikoak ez dira sakrifikatu behar aurrerapen "berde" desnaturalizatzaile baten mesedetan, zeinak lurralde- desoreka ekarriko bailuke, eta desoreka horrek, denoi eragiten badigu ere, landa-inguruneari kalte egingo lioke ezinbestean".

Horregatik, "une kritiko hauetan", natura babestearekin sentsibilizatuta dauden guztiei Agurainen egingo den manifestaziora joan deitzen eskatu die plataformak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide