Lautada, gero eta berdeago

Naiara Lopez de Uralde 2021ko api. 2a, 06:00

Biohazi lursailak ekintzailetza agroekologikoa sustatzen du. / BURGUKO UDALA

Azken urteetako legediek udalak jasangarriagoak bilakatzera behartzen dituzte, baina eginkizun horretan bizilagunen laguntza ere beharrezkoa dute, eta horregatik hainbat ekimen jarri da martxan guztion artean planetan uzten ari garen aztarna leuntzeko.

2019ko otsailean Eusko Legebiltzarrak onartutako Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legean ezarritako xedeak lortzeko asmoz, Lautadako udalek euren Energia Planak abian jarri dituzte, udalerri mailan energia-baliabideak aurrezteko edota eraginkortasunez erabiltzeko neurriak ezartzeko helburuarekin. Izan ere, gehienetan administrazio publikoen aurrekontuaren zati handi bat energia gastuei aurre egiteko bideratzen da, eta horregatik, beharrezkoa da kontsumo horiek murrizteko modu eraginkorragoak garatzea.

Kuadrilla mailan, energia plana garatu duen lehen udala Burgukoa izan da. Iazko maiatzean aurkeztu zuen proiektua, eta bertan azpiegitura publikoaren energia kontsumoa eta gastua zein den aztertu ez ezik, datozen urteetan udalerri jasangarriagoa izateko hartuko dituzten neurriak ere zehaztu dituzte.

"Lorategietan zer egin jakiteko eredu izan nahi du Biolortuk"

Hodei del Olmo, ingurumen teknikaria

"Gure kontsumoa aztertzerakoan, orokorrean energia baliabideak xahutzen ez ditugula ondorioztatu dezakegu, izan ere, udal azpiegitura guztiak berriak dira edota biomasa erabiliz berotzen dira. Dena dela, egitasmo honek oraindik ere jasangarriagoak izaten lagunduko gaitu", nabarmendu du Hodei del Holmok, Burguko Ingurumen Zerbitzuko teknikariak.

Energia plan honetan ezarritakoaren arabera, besteak beste, eraikin publikoetan eguzki energia fotovoltaikoaren instalazioa, eguzki sistema bidezko argiteria publikoa jartzea, pobrezia energetikoaren arazoa gizarte zerbitzuekin batera lantzea, edota biztanleen artean mugikortasun jasangarria bultzatuko dute.

"Gainera, biztanleek ere euren etxeetan energia nola aurreztu dezaketen edota argiaren faktura nola irakurri behar duten irakatsi nahi diegu".

Iñaki Garcia EVEko teknikaria, energia kontsumo jasangarriari buruzko tailerrean. / VITAL FUNDAZIOA

 

Jasangarritasunaren eredu

Oraindik ingurumenaren alorrean lan handia egiteko duen arren, 600 biztanle inguru dituen udalerri hau jasangarritasunaren eredutzat har dezakegu. Berezko Ingurumen Saila dute udalean, eta Del Holmok 2012. urteaz geroztik darama teknikari moduan lanean. "XX. mendeko azken urteetan izandako eraikuntzaren susperraldia dela eta, udalerri honen biztanle kopuruak gora egin zuen nabarmen, eta Nati Lopez de Munain udalburuak azkar ikusi zuen ingurugiroarekin zerikusia zuten jarduerez arduratuko zen pertsona baten beharra zegoela", azaldu du teknikariak. Harrezkero naturarekin harremana duten proiektu asko jarri dituzte martxan.

Horietatik garrantzitsuenetako bat Biolortu baratze ekologikoa da. Proiektu didaktiko hau duela hamar urte jarri zuten martxan, eta jasangarritasuna, ingurunearekiko errespetua eta ekologia dira ardatz bertan. "Baratzezaintzaz eta lorezaintzaz gozatzeko leku irekia da. Baratze ekologikoa, udalerriko bizilagunek landatutako zuhaiztiak eta fruta-arbolak dituen gunea, landare usaintsuak, sendabelarrak eta bestelako loreak dituen lorategi txikia, urmaela, oilategi komunitarioa edota konposta egiteko gunea ditu", argitu du del Holmok. "Bizilagunentzat topagunea edota euren etxeko lorategietan egin dezaketenaren eredu izateko jaio zen, eta horregatik hainbat tailer edota ikastaro egin ditugu bertan, baratzak landatzeko, zuhaitzak kimatzeko edota urmaelak nola egiten diren erakusteko".

Hori gutxi balitz, Burgu Araba mailan auzo-konposta bultzatu zuen lehenetako bat izan zen, eta ekintzailetza agroekologikoaren alde ere egiten du Biohazi ekimenaren bidez. "Tokiko ekoizpena zein ekologikoa sustatu nahi dugu, eta horretarako Añuan 1.000 metro koadroko bi lursail ditugu. Lau urtetik behin hantxe garatu daitezkeen proiektuak aurkezten dira, eta momentu honetan Argomaizeko neska bat horietako lursail bat lantzen ari da, eta bestea Trokonizeko eskolako ikasleek erabiltzen dute ekoiztutako produktuekin kontsumo otarrak prestatzeko", dio teknikariak.

Apaintzeko landareak eta nekazaritza ekologikoa lantzen dira Biolortun. / BURGUKO UDALA

 

Guztion ardura

Baina jasangarritasunaren alde egitearena ez da udalen kontua bakarrik, Lautadako biztanleen artean ere ingurumenarekiko ardura nabarmen areagotu egin baita azken urteetan. Klima-aldaketa, atmosferaren kutsadura, uraren erabilera okerra, hondakinen kudeaketa edota energia- fosilen menpekotasuna bezalako gaiek gure udalerrietako bizilagunen artean gero eta kezka handiagoa sortzen dute.

Hori ikusita, Vital Fundazioak Etxe Berdeak izeneko ekimena lurralde osoan abiatuko du, euren eguneroko erabaki, ohiturak eta jokabideak ingurunean eta gizartean duten eraginaz arduratzen diren herrietako familiek ere bertan esku hartzeko.

"Heziketa-programa hau 2015etik dago martxan Gasteizen, eta duela bi urte ekimen honen lehen saiakera Legution egin genuen hirian bizi ez den jendeak nola hartzen zuen ikusteko. Emaitza oso positiboa izan zenez, aurtengoan lurraldeko Kuadrilla guztiei zabaltzea erabaki dugu", azaldu du Mikel Perezek, Vital Fundazioko Teknikariak. Hala, orotara 120 familiak hartuko dute parte aurten, eta horietatik 25 Lautadakoak izango dira.

"Klima aldaketaren eragile garela jakin behar dugu"

Maite bravo, Atari Aholkularitza

Egitasmoan zehar euren eguneroko bizitzan ingurumenarekiko arduratsuagoak diren jarrera sinpleak aurkeztuko zaizkie, hala nola energia-baliabideak hobeto kudeatzen eta aurrezten. "Maiatzetik abendura bitartean egongo gara familiekin lanean, eta horiek momentu oro izango dute profesional baten aholkularitza", esan du Maite Bravok, Atari Aholkularitzako kideak eta programa honen koordinatzaileak.

Bravoren esanetan, lehen esperientzia pilotu hau hiru ediziotan egiteko pentsatuta dago: lehenengo urtean parte-hartzaileek ur eta energia kopurua aurrezteko zein hondakinak behar bezala kudeatzeko erronkari aurre egin beharko diote; eta datorren urtean esperientzian aurrera egin nahi dutenei kontsumitzeko modu adeitsuagoak irakatsiko zaizkie. Eta azkenik, beste urte batez jarraitu nahi dutenekin tailerrak eta jarduera praktikoak egingo dira aurreko edizioetan jorratutako gaietan sakontzeko.

"Herri txikietan bizimodu jasangarriagoa dugula pentsatu dezakegun arren, gure egunerokotasunak ingurumenean eragiten jarraitzen du emisioak, isuriak eta hondakinak sortzen jarraitzen dugulako", dio koordinatzaileak. "Hortaz, maila batean edo bestean, gu ere klima- aldaketa honen eragileak garen kontzientzia zabaldu nahi dugu", azaldu du Bravok.

Parte-hartzaileei beren etxeetan lortu beharreko zenbait erronka planteatuko zaie, eta gero, energia edota uraren kontsumoan benetan aurreztu duten jakiteko urte bateko faktura beste urtekoarekin konparatuko da. "Ezarritako erronka edo helburu horiek guztiak lortzeko hainbat material jasoko dute parte-hartzaileek: kontsumo txikiko bonbilla, dutxa-emaria murrizteko gailua, entxufeen etengailudun erregleta, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko zein bidezko merkataritzako produktuak... Gainera, eurek sortutako karbono-aztarna neurtzeko baliabideak ere eskainiko zaizkie".

'Etxe berdeak' programa kuadrilla guztietara zabalduko dute. / VITAL FUNDAZIOA

 

Erronkaz erronka

Era berean, landutako gaiekin zerikusia duten leku interesgarrietara bisitaldiak egitea ere aurreikusi dute. "Pandemia honek uzten bagaitu, Jundizeko industrialdean dagoen Biokonpost instalazioetara joan nahiko genuke, Vidrala beira-fabrikara, Sobronen dagoen ur-museora edota komunitateko-konpostatzea egiten den herri batera".

Interesa duten familiek apirilaren 22ra arte izango dute izena- emateko aukera www.fundacionvital. eus webgunean, edo 945 77 68 58 telefonoaren bidez. "Dagoeneko Lautadan bederatzi familiak eman dute izena, baina leku guztiak betetzea espero dugu", esan du Perezek. "Lautadako familiak egitasmoan parte hartzera animatu nahi ditut, izan ere, jasangarritasunaren arloan gauza ugari ikasi ez ezik, familiako kide guztiei zuzendutako ekintza da".

"Bai, gainera asko ikasteaz gain, teknikari eta parte-hartzaileen artean oso harreman estua sortzen da, eta orokorrean oso emaitza positiboak ateratzen dira hemendik", gaineratu du Bravok.

Proiektua bukatzean, antolakuntzatik itxiera-jardunaldia egitea aurreikusi dute, eta bertan, besteak beste, maila orokorrean zein kuadrilla bakoitzean lortutako emaitzak plazaratzeko asmoa dute. Era berean, Kuadrillako Ingurugiro Departamentuarekin bat, informazio-hitzaldi irekiak egingo dituzte urte osoan zehar, nahi duen orok parte har dezan. "Izan ere, Lautada berdeagoa bihurtzearena guztion ardura izan behar da", aipatu du Bravok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago