First Lego League (FLL) nazioarteko hezkuntza-programa bat da, gazteak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiketara modu dibertigarrian hurbiltzeko. Urtero 110 herrialdetako 6 eta 16 urte bitarteko 560.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute, eta arazoak gainditzeko ideiak garatu behar dituzte, teknologiaren bitartez.
Koronabirusaren eraginez izen-emateak murriztu baldin badira ere, Burguko Teknoklubak aurreko urteetako mailari eutsi dio, eta bi talde aurkeztuko ditu liga nagusian, eta beste hirugarren talde bat, zazpi eta bederatzi urte arteko haurrekin, explorer kategorian.
Fidel Gomez Burguko Teknoklubeko arduradunak azaldu duenez, aurtengo txapelketan Arabatik soilik bi taldek parte hartuko dute: Bastida Ikastolak eta Burguko Teknoklubak. Iaz, berriz, zortzi talde izan ziren. "Pandemiarekin ez da erraza izan antolatzea, eta pena bat da, horrelako gauzek asko laguntzen dutelako umeak zientzian sartzen; gainera, gero eta neska gehiago ikusten genituen, baina koronabirusarekin pixka bat gelditu da dena", esan du.
Kirola, garraio publikoan
Replay da aurtengo erronkaren izena, eta jokatzeko, kirola egiteko eta mugitzeko modu berritzaileak aurkeztera animatzen ditu taldeak FLLk. Larunbatero ari dira biltzen Burguko Teknoklubeko taldeak, Udalak laga dien Landederra kiroldegiko aretoetan. Talde nagusia proposamen bat garatzen ari da garraio publikoan kirola egiteko. "Trenetan bagoi-jatetxea dagoen bezala, bagoi-gimnasioa sortzea da asmoa", azaldu du Gomezek. Bigarren taldea mapa batean marrazten ari da ibilbide desberdinak eta denborak –urtegiari buelta ari dira lantzen orain–. Halaber, robotekin egiteko ariketa desberdinak proposatu die parte-hartzaileei FLLk, eta horretan ere buru-belarri dabiltza azken asteburuetan.
Esperientzia handia dute burguarrek, eta hori baliatuko dute aurtengo txapelketan sariren bat eramateko. "Talde nagusian bost gazte daude, bost urterekin hasi ziren neskak eta orain hamahiru urte dituzte… gero eta hobeto egiten dute; haien artean banatzen dute lana eta beren kabuz antolatzen dira. Sekulako hobekuntza egin dute".
Txapelketaren Euskadiko kanporaketa maiatzaren 8an jokatuko dute. Ondoren etorriko dira Espainiako eta mundu mailako txapelketak, baina horiek oraindik zehazteke daude, pandemiak ezarritako murrizketen arabera formatua ere aldatu baitaiteke.