Dulantzin, bere aiton-amonek ukuilua izan zuten tokian, erakusketa aretoa eta tailerra zabaldu zuen Ana Diaz de Espadak duela hamar urte. Disziplina anitzeko artista asko igaro dira bertatik, eta herriko dozenaka umek eta helduk marrazkigintzaren eta pinturaren lehen urratsak egin dituzte La Cuadran.
Harro sentitzeko moduko ibilbidea egin du La Cuadrak?
Harro nago guztiaz. Hasieran, Dulantzira itzuli nintzenean, ez nuen arteen arloko ia inor ezagutzen hemen. Pintura beka baten ondoren, jende gehiago ezagutzen hasi nintzen, eta gero Getxoarten eta Ikas-Arten ere erakusketak egin nituen; hasieran lagunekin antolatzen nituen erakusketak, eta gero jendea bere dosierrekin etortzen hasi zen. Hilero, urritik maiatzera, erakusketa bat antolatu dut.
Zer motatako erakusketak dira?
Mota guztietakoak. Hasieran, pintura gehiago ekarri nuen, esparru horretako jendearekin harreman handiagoa nuelako, baina gero marrazkia eta argazkia ere ekarri ditut. Miranda Ebroko neska batek egindako soineko bilduma bat ere erakutsi genuen; eta David Tavaresek eta Angel Luzuriagak erakusketa egin dute La Cuadran, Davidek buruhandiena eta Angelek argazkiak. Bakoitzak bere aldetik egin du, baina hemen elkartu ziren eta The Zuzenders taldea sortu zuten euren asmoa musika zuzenean marraztea zelako. La Cuadran egin zuten aurreneko ikuskizuna; ikusleek aukeratzen zuten abestia eta haiek marrazten zuten, oso emanaldi polita izan zen.
Espazio irekia da La Cuadra?
Bai, horretan oso zorionekoa naiz jendeari espazio hau uzten diodalako bere ideiak adieraz ditzan eta gauza daitezen. Beti pentsatu dut aldundiek, udalek edo dirua kudeatzen dutenek zergatik ez duten kulturaren aldeko apustu hori egiten; izan ere, nik lehen eskutik dakit hori egitea oso gutxi kostatzen dela.
Erakundeen babesik izan al duzu zure proiektuan?
Ezer ez. Nik nahiago dut instituzioak alde batera utzi, azkenean hegoak pixka bat mozten dizkizutelako. Zerbait ondo ateratzen bada, artistaren eta nire arteko kontua izango da, eta gaizki ateratzen bada berdin; nahiago dut erakundeekin ez lotu.
Tailerra ere espazio finkatua da. Zenbat ikasle dituzu?
Aurten uste nuen zailagoa izango zela, edukieraren murrizketak tartean daudelako, baina ikasle gehien dudan ikasturtea da. Alde batetik, jarduera gutxiago daudelako izango da, eta bestetik, berrogeialdiak ere ikusarazi duelako artea haurrak lasaitzen dituen zerbait dela, ekarpena egiten die eta asko erakusten die. Beraz, egun guztietan ditut klaseak; guztira hamaika talde dauzkat, eta gainera, aurten ere helduen taldea atera da. Badirudi pandemiarekin jendeak kulturaren alderdi batzuk eta egiteko denborarik ez zuen zaletasun batzuk berraurkitu dituela.
Etorkizuna du zurea bezalako galeria batek herri txiki batean?
Hau hilabetez hilabete doa. Ez naiz La Cuadratik bizi, ekonomikoki ez da aurrera ateratzen nauena. Erakusketa-aretotik ez dut etekin ekonomikorik ateratzen; artista askok obra oparitzen didate eta funts polita egiten ari naiz, baina helburua ez da erakusketa-areto bat izatetik bizitzea.
Aldaketarik duzu buruan?
Ez. Zentratua nago eskolak haur eta nagusientzat prestatzen, eta momentuz erakusketa-aretoa itxita dago pandemiagatik, ez dut arriskurik hartu nahi. Pena ematen dit ikasleek asko ikasten dutelako esposizioekin eta gustatzen zaidalako arte garaikidea ekartzea. Gabonetan beti erakusketa bat egiten dut eta hori da hurrengo helburua. Ikasturte honetan ezin bada, hurrengoan izango da.
Nolako harrera izan du La Cuadrak Dulantzin?
Oso ona. Erakusketen inaugurazio egunean jende asko pasatzen da, eta astegunetan eskola irekita dagoenean ere.