Zuntz optikorik ez duela salatu du Mendixurrek web-orri berrian

Erredakzioa 2021ko api. 1a, 10:00
Zuntz optikoa jartzeko kableak eremu batean abandonatu dituzte. MENDIXUR.COM

Sinadurak bildu dituzte herrian Arabako Diputazioari 2019an agindutakoa betetzeko eskatuz.

Mendixurreko Batzar Administratiboak www.mendixur.com web-orria sortu berri du, eta horretan jaso du internet konexioarekin duten arazoa. Batzar Administratiboak gogoratu duenez, 2019ko abendurako Arabako herri guztietara zuntz optikoa iritsiko zela agindu zuen Diputazioak, baina herrian oraindik ez dute horren berririk izan. "Zuntz optikoa jartzeko tutuak eremu batean botata utzi dituzte", esan dute.

Gauzak horrela, duela hilabete batzuk herriko bizilagun ia guztien sinadurak jaso eta Aldundian aurkeztu zituzten, interneteko oinarrizko zerbitzu hori eskatzeko. Ez dute erantzun ofizialik jaso. "1979ra arte ura ez zen Mendixurreko etxeetara iritsi. Ordurako Bilbo Handia eta Gasteiz Uribari Ganboa urtegiko urez hornitzen ziren. Urtegia 1958an inauguratu zuen Francok, eta haren ertzak gure herriraino iristen ziren. Interneterako konexio egokiaren atzerapena gure etxeetan ura izateko jasan behar izan genuena bezain luzea ez izatea espero dugu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide