Bio-hondakinak tratatuko dituzte Asparrenean

Mirian Biteri 2021ko api. 4a, 10:00

Frakzio organikoa jaso eta tratatzeko 1.200 metro karratuko instalazio berri bat egiteko asmoa du Udalak, industria-gunean.

Asparrenak udalerrian bertan zein ondoko Donemiliagako sortzaile handiek sortutako bio-hondakinak konpostatzeko udal-instalazio bat diseinatzeko eta eraikitzeko proiektua du esku artean. 1.200 metro karratu izango lituzkeen eraikina udalerriko industria-gunean egingo litzateke, udal-galdararako biomasa biltegia dagoen partzela berean. Gaur egun, zaborraren kudeaketa Lautadako Kuadrillak eramaten du. Hiri-hondakin solidoak kudeatzeko, lau hondakin-zati bereizten dituen eredu bat erabiltzen da: ontzi arinak, papera eta kartoia, beira eta hondakinak. Azken horiek Jundizko tratamendu-instalaziora eramaten dira. 

Egungo kudeaketaren inguruan, Asparreneko alkate Txelo Auzmendik azpimarratu du udal bakoitzak erritmo eta sistema desberdinak dituela, eta Asparrenean aldatzeko unea dela ikusi dutela: "Asparrenaren kasuan, materia organikoa kudeatzeko konpostaje deszentralizatuan oinarritutako alternatibak bultzatzeko borondatea argia da", nabarmendu du. 

Proiektua aurrera ateratzeko, 2018. urtean egin eta onartu zen bio-hondakinak kudeatzeko plan batean oinarritu izan da Udala: "Asparrenean bio-hondakinarekin konposta egiteko lan bat egin da, eta hainbat konposta komunitario; bi hegazti-konpostagailu komunitario izateaz gain, auto-konposta egiten duten hainbat pertsona ere badaude. Baina iritsi da dagoeneko aurrera egiten ez zen unea, eta onartutako planaren arabera, urratsak egiten jarraitu behar genuen", azaldu Auzmendik. 

387.847 euro

Diru-laguntzak eskatzeko aukera aztertu eta pasa den ekainean aurkeztea erabaki zuten. Pozik daude egitasmoa martxan jartzeko lortutako kopuruarekin: "Guztira, 37.000 euro eman dizkigute ezarpenerako eta 200.000 euro tratamendu-instalaziorako", adierazi du Auzmendik. Gaineratu du egitasmoaren aurrekontu osoa 387.847 euro dela. 
Egitasmo berri honen bidez, bio-hondakinak udalerritik kanpora eramatea saihestuko litzateke.

Horiek garraiatzeko, bilketa desberdina diseinatu dute Araiako herrirako. Frakzio organikoa biltzeko 23 edukiontzi jarriko dira guztira; horietatik 15 hirigunean egongo dira. Parte hartuko duten etxebizitza adina kubo eta giltza ere beharko dituzte; etxebizitza guztiak kontuan hartuta, 760 kubo eta giltza beharko lirateke. Asparreneko eta Donemiliagako bio-hondakinen sortzaile handiekin, berriz, atez ateko bilketa egitea da asmoa. 

Iraulitako pilen sistema

Instalazioetara heltzean, hondakinak tratatu egingo lirateke, eta horretarako, iraulitako pilak konpostatzeko sistema bat planteatzen da. Aurreikusitakoaren arabera, aipatutako bi udalerritan bildutako bio-hondakinak 200 tona inguru dira urtean; hain zuzen ere, urtean 113 tona konpost sortuko lirateke. 

Epeei dagokionez, Asparreneko alkateak nabarmendu du orain Sakanako eta inguruko bestelako instalazioak ezagutzen ari direla, eta proiektu teknikoaren esleipena ere esku artean dutela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago