Gaunako San Bitor baseliza berritu dute

Erredakzioa 2021ko api. 2a, 12:00

Gaunako San Bitor elizan, lanean.

Egoera kaskarrean zeuden habe nagusiak konpondu dituzte eta eraikinaren teilatua berritu dute, estalki berria behar bezala finkatzeko aurretik hormak indartuz.

Itxogana mendi azpian dagoen San Bitor ermita egoera txarrean zegoela ikusi ostean hasi zen Gaunako Administrazio Batzarra eraikinak zituen gabeziak konpondu ahal izateko lanen prozedurarekin. Hain justu ere, ur filtrazioak zeuden, habe batzuen egoera kaskarra zen eta sakristiako estalkiaren zati bat ere erorita zegoen. 

Estalkian esku hartu dute eta habe nagusiak konpondu egin dituzte. Aldi berean, estalki berria finkatzeko hormen burualdea ere sendotu eta nibelatu dute. Obren aurrekontua 10.800 euro inguru izan da, Arabako Foru Aldundiak, Vital fundazioak eta Gaunako Administrazio Batzarrak ordaindu dutena. 

Lanak, baina, ez dira esku-hartze horrekin amaitu. Administrazio batzarrak iragarri du dagoeneko hasi direla eraikinean egin beharreko hurrengo konponketetan pentsatzen; hain justu ere, ermitaren alboko erretaulak konpontzeaz gain, egurrezko korua zaharberritzeko asmoa ere badute.  

Alavesen zaindaria

Gaunako Bitor, Bitor nekazaria bezala ere ezaguna, Elorriagako nekazari bat izan zen, Gaunatik gertu zegoen San Bernabe baseliza zaharrean erretiratu zena Jainkoari gurtza egiteko. San Bitorri buruz aipatzen den lehen erreferentzia idatzia 1049koa da. 1587. urtean santuaren ustezko gorpua aurkitu zuten, ordutik aurrera bere burezurra XVII. mende hasierako zilarrezko erlikia-ontzi barroko batean kontserbatu zelarik. Gaur egun, ura iragazi ohi da santuaren burezurretik, soroak bedeinkatzeko eta buruko gaixotasunak sendatzeko. Honen aldeko debozioa Araba osora zabaldu da, eta Deportivo Alavesek bere zaindari bezala du 1924. urtetik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago