Aguraingo araztegi berriak saihestu egingo ditu Zadorrara iristen diren isurketa kutsatzaileak

Erredakzioa 2021ko mar. 11a, 16:54
Ramiro Gonzalez eta Arantxa Tapia, araztegiaren obretan. / IREKIA

EAEko isurketa arazotsuenetako batekin amaitzea ahalbidetuko du Aguraingo hondakin-uren araztegi berriak. Inbertsioa 6,3 milioi eurokoa da, eta uraren hiri-zikloaren kudeaketa profesional aurreratuan urrats garrantzitsua da.

Aguraingo araztegi berria 2021aren amaieran jarriko da abian, eta azken urteetako EAEko isurketa arazotsuenetako bati irtenbidea emango dio. Izan ere, saihestu egingo da Zadorrara Lautadako azken urteetako karga kutsatzaile handieneko isurketa egitea. Kontuan izan behar da aurreko araztegiaren funtzionamendu kaskarra, eta egoera horrek eragin zituen kutsadura-agerraldiak

Hiriko hondakin-uren araztegi berriaren eraikuntzak 6.350.000 euroko aurrekontua izan du, eta aurtengo abuztuan egikaritzea aurreikusita dago. Behin amaituta, URA agentziak sei hilabetez izango du araztegia prest eta funtzionamendu egokian jartzeko ardura.

Azkenik, 2022ko lehen lauhilekoan, instalazioa Aguraingo Udalari lagako zaio, etorkizunean Araban uraren kudeaketa profesionalerako sortutako partzuergoan sar dadin.

 

Araztegi berriak ekaitz-tanga bat du. Tanga horrek ahalbidetuko du, prezipitazio handiak daudenean, hondakin-urekin nahasten diren euri-uraren emari handiak atxikitzea, eta, horrela, eragotziko da emari horiek ibaiaren ibilgura araztu gabe isurtzea. Instalazio hau berme gehigarri bat da bereziki sentikorra den ingurune batentzat, Zadorraren goiko ibilguarentzat hain zuzen.

Gainera, hiru faseko tratamendu indartua izango du: aurretratamendua, bigarren mailakoa eta hirugarren mailakoa; tratatutako urak ibaiaren ibilgura ahalik eta kalitate onenarekin itzuliak izan daitezen.

HUAren proiektua dimentsionatu egin da instalazioak 33.825 biztanleko populazioaren hondakin-urak tratatu ahal izan ditzan. Horrela, udalerriaren eta industrialdearen egungo beharrak betetzeaz gainera, gai izango da etorkizuneko hirigintza eta industria garapenen tratamendua edo beste hirigune batzuetako hondakin-urak xurgatzeko, behar izanez gero.

Era berean, araztegi berria diseinatzean kontuan hartu da arroko emarien urtarokotasunaren aldakortasun naturala, eta horrek ez du inola ere eragin negatiborik izango arazketa-prozesuen errendimenduetan. Araztegi berria abian jarri arte, Udala arduratuko da indarrean dagoen baimenean ezarritako isurketa-baldintzak betetzen direla ziurtatzeaz.

Erakunde arteko akordioa

Aguraingo araztegi berria Uraren Euskal Agentziak eta Arabako Foru Aldundiak sinatutako Azpiegitura Hidraulikoei buruzko Esparru Akordioaren (2017-2027) proiektu nagusietakoa da. Arabako Foru Aldundia bete-betean sartuta dago kolektore-sare berria eraikitzeko prozesuan. Sare horren bidez, hondakin-urak hirigunetik eta industrialdeetatik araztegi berriraino eramango dira.

Guztira, Ingurumeneko Foru Sailak 1.500.000 euro inguru inbertituko ditu proiektu honetan. Proiektuari esker, 2,6 kilometroko hainbat eroanbideren bitartez, Aguraingo hiriguneko ur guztiak HUA berrira eramango dira. HUA berria modernoagoa eta saneamendu eta arazketa ahalmen handiagokoa izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide