Cristian Rodriguez

"La Lezeren jaitsiera Europa osoan parerik ez duen esperientzia da"

Mikel Buruaga 2021ko ots. 17a, 14:16
Cristian Rodriguez, gidaria La Lezeko jaitsieran. / INGURU ABENTURA

Fiturrek banatutako turismo aktiboko produktu nazional onenaren saria jaso berri du La Lezeren jaitsierak, estatu mailako abentura jardueren kategorian. Inguru Abenturako Cristian Rodriguez pozik agertu da une zail honetan jasotako sariarekin.

Araba altxorrez beteriko lurraldea da, eta horietako bat da La Leze haitzuloa, Altzania mendilerroa lur azpitik zeharkatzen duen amildegi jaitsiera ikusgarria; Aizkorri-Aratz Parke Naturalean, Asparrenean, Egino eta Ilarduiatik gertu.

Kareharrian zulatutako koba bat da, eta fosil ugari gordetzen ditu. Leizearen jatorria haraneko uraren irteera naturalean dago, mendilerroaren beste aldean, iparraldean; Lezeko Mendiartea bezala ezagutzen da hori. Artzanegi ibaiak iparretik hegora zeharkatzen du mendilerroa, eta noizbait bidea irekitzen joan zen, lurrazpiko ibai bihurtuz.

Barruan ur-jauzi ugari daude, sarreraren eta irteeraren arteko 900 metroko desnibelaren ondorioz: 20 metro arteko zazpi rapel, eta hiru metro arteko bizpahiru jauzi eta txirrista. Nazioarteko barrankismoaren harribitxia da La Leze, disfrutometroa topera jartzeko modukoa.

Horixe azpimarratu du Cristian Rodriguezek (Eibar, 1982), saria jaso eta egun gutxira: "Europa osoan ezaugarri geologiko zehatz horiek dituen kobazulo bakarra da, eta mundu osoan antzeko zazpi haitzulo baino ez daude". Enpresa Zientzietan diplomatua izateaz gain, amildegien jaitsierako eta espeleologiako kirol teknikaria da Inguru Abenturan; berak dioen bezala, "abizen langilea duen enpresaburua".

 

Lehenik eta behin, zorionak sariagatik! Pozik?

Egia esan, oso pozik gaude. Badira lau urte marka moduko bat sortu nahi genuela, produktu turistiko bat jendea gure ingurunea ezagutzeko erakarriko zuena. Gau bakarreko egonaldiaz eta amildegien jaitsieraz harago, La Leze bera ezagutarazi nahi dugu, inguru magiko eta paregabe gisa. Denbora daramagu turismo erakundeekin hori guztia aztertzen. 69 jarduera baino gehiago ditugu, baina Fiturren lehiaketara La Leze aurkezteko apustua egin genuen. Koroaren harribitxia da, gehien maite duguna eta gure bezeroek gehien eskertzen dutena.

"La Leze koroaren harribitxia da, gehien maite duguna eta gure bezeroek gehien eskertzen dutena"

Adin nagusitasuna ospatzeko oparia da?

Inguru Abentura bi gasteiztarrek sortu zuten 2003an, duela hemezortzi urte, La Lezeren ingurua sustatzeko: Altzania mendilerroa, Eginoko monolitoak... Ez da oso ezaguna baina, aldi berean, oso kilometro gutxitan, aukera asko ematen ditu espeleologia, barrankismoa, eskalada edo multiabentura egiteko. Oso kamaleonikoak gara eta denborarekin fronte asko ireki ditugu. Azken finean, Fiturren saria bultzadatxo bat izan da, orain arte egindako lan guztiaren errekonozimendua. 

 

La Lezek merezi duen errekonozimendua izan du orain arte?

Askotan urrutiko lekuetara goaz jarduerak egitera, eta askotan ez ditugu ezagutzen hemen ditugunak. Baliteke Aldundiak lan gutxi egin izana bertako turismo-guneak sustatzeko; agian ez dutelako sustatu nahi izan, degradatu ez dadin. Baina, aldi berean, desinformazioa dago, eta, zer arraio, La Leze harribitxi bat da, nazioarteko erreferentzia eta Europa osoan parerik ez duen esperientzia.

"Fiturren saria bultzadatxo bat izan da, orain arte egindako lan guztiaren errekonozimendua"

Zer topatu daiteke barruan?

Jarduera oso aberatsa da. Diziplina ugari dituzu esperientzia bakarrean. Guk, lagunartean, "hiruak batean" deitzen diogu: ordu eta erdiko mendi-ibilaldi bat da kobara iristeko; eta gero amildegi bat dago kobazulo baten barruan, iluntasunean. Nolabaiteko konpromisoa behar da, eta fisikoki zein psikologikoki prestatuta egotea, barruan hiru ordu igaroko ditugulako.

Zenbat jendek egin du jaitsiera?

2008ra arte ez ginen hasi bisitak zenbatzen, baina uste dut 2003tik 10.000 lagun inguru etorri direla gurekin. Erregistratutako datuen arabera, 2020an 280 pertsona etorri ziren; eta 2019an, pandemia hasi aurretik, 348. Jende askok errepikatzen du.

 

Ingurua masifikatzeko arriskurik al dago?

Asko maite dugu inguru hau. Sustatu nahi dugu, baina, aldi berean, asko errespetatzen dugu. Aztarna ekologikorik ez uzten saiatzen gara, eta, zentzu horretan, barne-arau bat dugu: ezin ditugu egunean 24 bezero baino gehiago sartu; badakigu zenbait amildegitan 2.000 eta 4.000 pertsona artean egon daitezkeela. Gure helburua da beste amildegi horietako degradazioa ez gertatzea. Orain arte bezalako lan ona egiten jarraituko dugu, talde txiki eta abegitsuekin.

"Ingurua sustatu nahi dugu, baina, aldi berean, asko errespetatzen dugu. Aztarna ekologikorik ez uzten saiatzen gara"

Nola eragin dizue pandemiak?

Lau bazkide izatera iritsi gara, eta beste bi pertsona alta emanda egon dira 2019. urte osoan, hitzarmenarekin; abenduan Txinatik zetorrena ikusi genuen arte. Ez genuen sinisten, baina aurreikuspenez jokatu nahi izan genuen, eta egokitzapen txiki batzuk egiten hasi ginen. Bi langileak aldi baterako kontratua izatera pasa ziren, jardueren arabera; eta lau bazkide izatetik bi izatera pasa ginen. Horri esker eutsi ahal izan diogu enpresari.

Dena aldatu da ordutik?

Martxoaren 15ean konfinamendua iritsi zen, zaplasteko bat bezala. Dei zaparrada izan genuen bi astez, eta denboraldi osorako programatuta genituen jarduera asko bertan behera geratu ziren, udara arte. Jakina, Covid-19aren aurkako segurtasun protokolo guztietara egokitu gara, eta horrek kostu ekonomiko handia izan du.

 

Une honetan zer egin dezakezue?

"Segurtasun protokolo guztietara egokitu gara, eta horrek kostu ekonomiko handia izan du"

Egungo araudiaren arabera, turismo aktiboko jarduera sozioekonomikoa mantendu dezakegu, baina oso modu mugatuan; bakarrik bost lagun arteko prestakuntza ikastaroak egin ditzakegu, edozein kirol diziplinakoak. Bestalde, martxan genituen programa batzuk bertan behera gelditu dira: adibidez, Arabako hainbat udalekin eta ikastolekin antolatutako jarduerak, eskola kirol guztia bertan behera geratu da, udalekuak...

Eta aurrera begira?

Oso gogorra izaten ari da, baina hiltzen ez gaituenak indartsuago egingo gaitu. Ez dezagun adorea galdu. Bada garaia proiektua indarrez eta gogoz hartzeko, eta, batez ere, berrasmatzeko, berregokitzeko eta aurrera egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide