Greba mugagabea hasi dute Ferrovial Araian, urtebete hitzarmenik gabe eman ondoren

Erredakzioa 2021ko ots. 3a, 18:45
Ferrovial Araiako langileen mobilizazioa Michelinen fabrikaren aurrean. / ELA

Urtebete baino gehiago da hitzarmena amaitu zela Ferrovial Araian. Emaitzarik gabeko hamar bileraren ostean, greba mugagabera jotzea erabaki dute kontratako langileek, eta plantilla osoaren baldintzak hobetzea exijitu dute.

Ferrovial Araiako langileek konfrontaziora jotzea erabaki dute zuzendaritzarekin izandako azken bileraren ostean, hitzarmena berritzearen inguruan hamar bilera baino gehiago egin ondoren. Lantokiko hitzarmena duela urtebete baino gehiago amaitu zen, 2019ko abenduaren 31n. "Enpresako zuzendaritzak, erabateko harrokeriaz, adierazi du ez dela gehiago mugituko", azaldu du ELA sindikatuak.

Egoera horren aurrean, joan den igandean, urtarrilaren 31n, langileek ELA sindikatuko bost langilek osatzen duten enpresa batzordearen proposamenarekin bat egitea erabaki zuten: greba mugagabea hasi dute asteazken honetatik aurrera. Erabakia gehiengoz hartu zuten, aldeko 71 botorekin, kontrako boto batekin eta bederatzi abstentziorekin.

Ferrovial Araiak logistika lanak egiten ditu Michelinek Asparrenan duen biltegian. ELA sindikatuak azaldu duenez, "urte askotan plantilla erabili dute bai kontratek bai Michelinek berak, 12 ordura arteko lanaldiekin eta 30 tona baino gehiagoko pisuak mugituz".

Egoera soilik aldatu da enpresa batzordeak eta Lan Ikuskaritzak hainbat salaketa jarri ostean enpresari hainbat isun jarri dizkiote—. Hala ere, sindikatuak ohartarazi duenez, "azpikontratatutako enpresen plantillak hirugarren edo laugarren kategoriako langiletzat hartzen dira, eta horien baldintza ekonomikoak enpresa nagusietako langileen baldintzen oso azpitik daude, eta laneko osasunaren prebentziorik ez dago".

Lau urte hitzarmena bete gabe

Enpresa batzordeak salatu duenez, azken lau urteetan, enpresako zuzendaritzak "ez du lantokiko hitzarmena bete, behin eta berriz, eta horren jakitun izanik". Besteak beste, ELAk salatu du enpresak nomina batzuk "gaizki" ordaindu dituela: "Langileak konturatu orduko, enpresak aurreko urteari dagokiona baino ez du itzuli, zegokion kopuru guztia ordaindu beharrean".

Halaber, zuzendaritza langileen ordezkariei "lan istripuak ezkutatzen" saiatu dela salatu dute.

Baldintza hobeak plantilla osoarentzat

Ferrovialeko langileek hasitako greba mugagabearen helburua "langile guztien baldintzak hobetzea" da. Izan ere, kontratu desberdin asko daude enpresan: astelehenetik ostiralera lan egiten duten pertsonak, larunbat goizetan eta igande gauetan laugarren txanda batean lan egiten dutenak, asteburuetan bosgarren txanda batean lan egiten dutenak, eta ETTek kontratatutako pertsonak; azken horiek "gainerakoek baino baldintza okerragoak dituzte eta telefonoari lotuta bizi dira, hurrengo egunean lan egin behar duten ala ez ikusteko", enpresa batzordearen esanetan.

Ferrovialeko langileek adierazi dutenez, jakitun dira "Michelin eta Ferrovial bezalako erraldoien aurka borroka gogorra hasi dutela, eta horiek eskura dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela, legezkoak eta, ziurrenik, legez kanpokoak, langileen borondatea menderatzeko". Baina, aldi berean, azpimarratu dute zuzendaritzaren "jarrera diktatorialak" beste aukerarik utzi ez diela.

Langileen eta enpresa batzordearen aldarrikapen nagusiak honako hauek dira:

  • Ferrovial eta Michelinen baldintza orokorren araberako soldata.
  • Plusak ordaintzea laugarren eta bosgarren txanda berezietan lan egiten dutenei, familia-bizitza bateratzeko zailtasuna dakarrelako.
  • Soldataren %100 kobratzea lanerako ezintasunaren kasuan.
  • ETTko langileak lan-poltsa batean sartzea, zuzendaritzaren "xantaia" saihesteko.
  • Lan baldintza berberak ETTko langileentzat.
  • Langileak birkokatzea derrigorrezkoa izatea Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak osasun arrazoiengatik "desegokitzat" jotzen dituenean.
  • Gaizki ordaindutako kopuruak erreklamatzeko aukera 24 hilabetera arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide