Maturako hilerria Arabako teilatupeko hilerri garaikide bakarra da. 1793. urtean, herriko mendi batean eraikita zegoen San Miguel Arkanjeluaren baseliza herrira jaistea agindu zitzaien herritarrei, eta harriz harri eraman zuten orain dagoen tokira, Maturako erdigunera hain zuzen, elizatik gertu; 1811n baseliza horri hilerri erabilera ematen hasi ziren.
Izan ere, garai horretan, Independentzia Gerraren erdian, frantses tropen okupazioa ematen ari zen, eta bertako bizilagunak lurperatzeko tokia behar zuten. Antza, garai horretan beste hilerriren bat ere bazegoen Maturan, etxe bat eraikitzen ari zirela, orain dela urte batzuk, hilerri horren hondakinak agertu baitziren.
Aterpean dagoen hilerri horrek lauzez osaturiko zorua dauka eta bertan, lauza horiek altxatuta, jendea lurperatu ohi da. Badu aldarea ere baina bertan ez dira mezak egiten eta ez da hartzen leku sakratutzat ezta eraikin historikotzat ere.
Duela urte batzuk hilerriaren birmoldaketa agindu zuen herriko kontzejuak, eta konponketak egin zituzten baseliza-hilerriaren barrutik zein kanpotik. Horrekin batera, leku faltagatik eta jendea lurperatzeko zailtasunak zirela eta, kolunbarioak eraikitzea erabaki zuten. Erabaki horren beste arrazoietako bat izan zen gaur egun errausketara jotzeko joera handiagoa dagoela, eta lurperatzeko ohitura asko murriztu dela. Leihateak ere jarri zituzten, txorien sarrera ekiditeko.
Panteoiaren itxura
Maturako hilerriaren barruko zati bat panteoiekin antzekotasun handia du eta hilerrietako berezko gurutzeak daude espazio horretan. Zorua lauzez osatuta dago, eta lauzetan zenbaki erromatarrak ageri dira eta hilarrien bitartez identifikatuak daude. Horma- hobi bakoitzean familia bereko hainbat pertsona egon daitezke. Gainera, hobi batek hezurtegia izena du, eta bertan, jatorri ezezaguneko hezur zaharrak biltzen dira.
Azken hogei urtetan soilik hiru pertsona lurperatu dituzte Maturako teilatupeko hilerrian, herri horretako biztanleria nahiko gaztea baita.
Lurperatzeak herriko jendearen eskutik egiten dira eta hileta elizkizunak elizan egiten dira, ez hilerrian bertan, nahiz eta lehen esan bezala, aldarea duen. Mantentze-lanak oso urriak dira, hilerria estalita baitago.
XIX. menderarteko ohitura
Erdi Arotik hildakoak eliza barruan lurperatzen ziren, bakoitza bere familiaren hilobian edo sepulturan baita elizgizonak ere. Elizaren barruan familiaren izenean eraikitako kapera izateak komunitatean indar handia zuen eta bertan ehorzteko eskubideak familia horrek komunitatearen barruan zuen botere eta aberastasuna adierazten zituen.
Alta, XVIII. mende bukaeran Erret Agindua izan zen, eliza barruko ehorzketak galarazten zuena. Biztanleriaren hazkundearen ondorioz elizak eta bere inguruko lorategiak txikiak geldituko dira lurperatu beharreko gorputza guztiak bertan jasotzeko. Gainera hirien ugaritzearekin eta hainbat gaixotasunen agerpenarekin batera, ehorzketen inguruko aurreko eredua zalantzan jarriko da. Neurri horrek aurkari asko izango ditu bai elizgizonen artean baita gizartearen gehiengoan ere. Baina pixkanaka zabaltzen joango da eta XIX. menderako onartua izango da.