Barrundiak 984.069 euroko aurrekontua onartu du 2021erako

Erredakzioa 2021ko urt. 25a, 18:00
Ozeta, Barrundia udalerriko herriburua. / WIKIPEDIA (Zarateman)

984.069 euroko aurrekontua onetsi du Barrundiako Udalak. Hiru izango dira 2021erako proiektu nagusiak: Euskaldun Berri plazako eraikin berria, kiroldegiko hobekuntzak eta energia berriztagarrian aurrerapausoak ematea.

Barrundiako osoko bilkurak astelehen honetan onartu du 2021erako aurrekontua. 2020ko aurrekontuaren antzeko kopurua izango du: 984.069 euro. Aurrekontuaren %3,13 inbertsioetarako izango da, hau da, 30.808 euro.

Toki-erakundeak finantzatzeko funtsaren partida murriztu denez, kreditu gehigarrien bidez hornitzea espero du Udal Gobernuak.

Barrundiako alkate Igor Medina Isasak (EH Bildu) azaldu duenez, aurrekontuen helburua «aparteko egoerari erantzutea izango da, betiere sortu diren beharrei erantzunez eta egin beharreko inbertsioak bermatuz». Diru sarrerak gutxitu diren arren, bestelako baliabideak bilatuko dituzte inbertsio jarduerari, gastu arruntari eta gizartearen premiei eusteko asmoz.

Inbertsio nagusiak

Hainbat inbertsio nabarmendu ditu Barrundiako Udalak: Euskaldun Berri plazan egingo den eraikin berria, herritarren sozializaziorako gunea sortuz (135.800 euro), Herriko plazaren oinarrizko birgaitzea (34.489 euro), eraikin publikoetan energia berriztagarri eta jasangarriak erabiltzeko aukerak aztertu eta gauzatzeko plana (15.000 euro) eta Eskola Txikiaren argiztapena aldatzeko diru partida (4.000 euro); sortu berri den Eskola Txikiko altzairuak erosteko beste 5.000 euro gorde dira.

Hirigintza Antolakuntza Plan Orokorra egiteko beste 267.000 euro aurreikusi ditu udal gobernuak, eta Gainandiko mendi itxiera birgaitzeko beste 8.000 euroko partida jaso du aurrekontuak.

Bestalde, aurreko urteetako zenbait partida mantenduko dituzte: musika eta euskara ikasteko bekak (9.000 euro); Ozaetako Kontsumo Elkarteari laguntza, Ekonomatoaren mantentze lanekin jarraitzeko (6.000 euro), eta, azkenik, hondakin organikoa sustatzeko diru laguntza lerroa egonkortzeko (4.000 euro).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide