Sorgin ehizaren inguruko hitzaldi ilustratua eskainiko du Asisko Urmenetak Garaionen

Erredakzioa 2021ko urt. 21a, 12:00
Asisko Urmeneta 'Sugarren mende' eleberri grafikoaren aurkezpen batean. / MAXIXATZEN

Asisko Urmenetak Sugarren mende eleberri grafikoa ilustratu berri du, sorginen ehizaren inguruko memoria historikoa berreskuratzeko. Larunbatean hitzaldi ilustratua eskainiko du Garaionen, Ozetan.

Urtarrilaren 23an, larunbatean, 18:00etan, Asisko Urmeneta Garaionen izango da, Sugarren mende eleberri grafikoa aurkezteko. Izan ere, Inkisizioak egindako sorgin ehizaren inguruko epaiketa eta sarraskien historia bildu berri du, komiki formatuan argitaratzeko. Orain, herriz herri dihardu landutako informazio guztiarekin hitzaldi ilustratuak eskainiz.

Marrazki eta hitzen bidez, Lapurdi eta Nafarroako emakume zein gizonen aurkako sarraskiaren eta epaiketen inguruan arituko da, zergatietan eta gertaeretan oinarrituta.

Gainera, berriki izandako informazioen berri emango du: Araban ere, euskaraz hitz egiten zuten hamalau emakume gutxienez izan zirela epaituak Logroñon, 1.600 urtearen inguruan, sorginak izatea leporatuta.

 

Ahanzturaren eta mitoen aurka

410 urte igaro dira Espainiako Inkisizioaren auzitegiak Zugarramurdiko 31 bizilagunen aurka Logroñon egindako prozesutik. Urtemuga bera eta, bereziki, akusatuek pairatu zituzten ondorioak dira eleberri grafikoaren gai nagusia. Bertan, Asiskok maisuki disekzionatzen du sorgin delitu larriaren itzalpean ezkutatzen den trama politikoa.

Asisko Urmenetaren hitzetan, Sugarren mende eleberri grafikoa "ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa da, eta arbasoen memoria eta duintasuna berreskuratzeko lanabes".

Sorginen ehiza ez zen Zugarramurdira mugatu; Erronkaribartik Amezkoako mugetaraino hedatu zen, Lapurdi osoa zeharkatuz, eta jazarpen paradigmatiko gisa agertzen da Europa osoan. Asisko Urmenetak garatutako dokumentazio eta ikerketa lanak zailtasunak izan ditu,baina gaiari buruzko historiografiaren iturri berriak bilatu ditu.

Besteak beste, MacCulloch eskoziarraren, Monter estatubatuarraren, eta Silvia Federici ekintzaile italiar-estatubatuar ospetsuaren bibliografia trinko eta independenteak aurkitu ditu. Halaber, Espainiako koroapean ziren eta Inkisizio tribunalak jasan zituzten lurralde anitzetako bibliografia unibertsitarioa aztertu du, Siziliatik Filipinetaraino. Horrek guztiak eman dio autoreari instituzio berezi haren ikuspegi osoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide