Lautadaren aurrekontua 78.000 euro handitzea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko urt. 13a, 14:11
Euskararen erabileraren aldeko kartelak Aguraingo sarreran. / ALEA

2021eko aurrekontuei babesa emateko, Lautadako Euskararen Komunitatearekin elkarlan-hitzarmena onartzea "ezinbestekoa" izango dela aurreratu du EH Bilduk. Euskara bultzatzeko, gizarte zerbitzuak indartzeko eta AHTaren aurka egiteko zuzenketak aurkeztu ditu.

 Arabako Lautadako Kuadrillaren aurrekontuaren eztabaida asteazken honetan izango da, eta 78.000 eurotik gora handitzea proposatuko du EH Bilduk. Horretarako, hainbat zuzenketa aurkeztu ditu talde subiranistak, euskara bultzatzeko, oinarrizko gizarte zerbitzuak indartzeko eta Abiadura Handiko Trenaren egungo proiektuaren aurka egiteko.

Euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin, Lautadako Euskararen Komunitatearekin elkarlan hitzarmena onartzea planteatu du EH Bilduk; eta hori izango da, hain zuzen, EH Bilduk aurrekontuak babesteko jarri duen "ezinbesteko baldintza". Izan ere, proposatutako diru partidarik handiena, 37.700 eurokoa, datorren urtean Euskaraldia bezalako ekimenak elkarlanean antolatzeko eta garatzeko izango da.

"Orain arte, udalek zuten hitzarmenen bitartez garatu da hori, baina EAJk gobernatzen dituen hainbat udaletan sortutako ziurgabetasunaren aurrean, Kuadrillatik bultzatzea plantatzen da", azaldu du EH Bilduk. Horretarako, biztanle bakoitzeko 2,9 euro bideratzea proposatuko du.

Gizarte zerbitzuak eta AHTa

Horrez gain, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak indartzeko beste 26.000 euro bideratzea proposatu du EH Bilduk, lanaldi erdian administrari lanak egingo dituen pertsona bat gehiago kontratatuz. Horrez gain, beste 12.300 euro proposatu ditu lanpostuen zerrenda berraztertu eta langileen hainbat eskaerari erantzuteko.

Azkenik, EH Bilduk 2.000 euroko partida bat jarri du mahai gainean, Sustapen Ministerioak Arabako Lautadan eraiki nahi duen Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkako jarduerak eta sentsibilizazio kanpainak bultzatzeko. "Eskualdeko bizilagunek behin baino gehiagotan erakutsi dute proiektu horren aurka daudela, eta, aldi berean, tren publiko eta sozial bat eskatu dute, bertako herritarren mugikortasun beharrei erantzuteko", azpimarratu du EH Bilduk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide