Joseba Legarda

"Eskualdeko mahaia osatzea beharrezkoa dela uste dut"

Mirian Biteri 2020ko abe. 30a, 08:00

Joseba Legarda Lautadako euskara teknikaria, Azilun. / M. Biteri

Eskualdeko euskararen elkargunea osatzea garrantzitsua izan daitekeela uste du Joseba Legarda Lautadako Kuadrillako euskara teknikariak, beste alor batzuetarako antolatu duten moduan, "denen helburu bateratuak" mahai gainean jarri eta aurrera begirako pausoak prestatzeko.

Lautadan emandako pausoak itzelak izan direla nabarmendu du Joseba Legardak, baina aurretik bide luzea ere badela gogoratu. Besteak beste, eskualdeko ikuspegian oinarritutako jarduna behar dela uste du.

Lautada erreferente bilakatu da azken urteotan euskararen alde egindako lanagatik. Albiste pozgarria da, ezta?

Bai, pozgarria benetan, sekulako dinamika sortu da euskal hiztunen aktibazioaren inguruan. Urteetan emandako eboluzioa izan da. Hasiera batean Baietz 15 ordu euskaraz ekimenarekin hasi, ondoren 75 ordu euskaraz ekimenarekin jarraitu, eta Euskaraldia ekimenarekin gabiltza orain. Baita Soziolinguistika Klusterrarekin batera beste esperientzia pilotu batzuk garatzen ere, lagun kuadrilletan eta familietan euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Jende asko ibili da honen guztiaren atzean, eta egitasmoak desberdinak izan badira ere, guztietan sekulako dinamika, lana eta inplikazioa egon da atzean. Bata bestearen ondorioa izan direla esango nuke, dinamika hori eboluzionatzen joan da Lautadako Euskararen Komunitatea sortu arte. Agurainen hasi zen dinamika eskualde osora zabaldu da, eta hori oso berri pozgarria da. Hori da nik gehien baloratzen dudana, eskualdeko ikuspegi hori, eskualdeko herri gehienetan komunitatea ordezkatzen duen eta eragiteko prest dagoen jendea egotea, hori sekulakoa da.

Ezagutzaren eta erabileraren inguruko daturik al duzu?

Ezagutzaren inguruko azken datuak 2016koak dira, eta egia esan, oso datu positiboak dira, urteak aurrera egin ahala, ezagutza datuek gora egin baitute etenik gabe. Gainera, udalerrien artean aldeak egon arren, nahiko homogeneoak dira: Euskaldunak %30 inguru dira, ia euskaldunak %25 inguru eta erdaldunak %45. Erabilera daturik ez dugu; ditugun azken datuak aspaldikoak dira eta gaur egun ez dira batere adierazgarriak. Hala ere nahiko genukeen baino baxuagoak direla. Euskaraldia bezalako ekimenek horri buelta ematen lagunduko badigute ere, oraindik ere egin beharreko bidea luzea eta aldapatsua da.

Ba al dago diferentziarik eskualdea osatzen duten udalerrien artean?

Ezagutzan, salbuespenak salbuespen, nahiko antzekoak eta homogeneoak dira. Erabileran berriz, alde handiagoak daude. Esango nuke Lautadako ekialdean gehiago erabiltzen dela, baina nire pertzepzioa besterik ez da. Egia da, euskalgintza mugimendua garatuago dagoela ekialdean, eta batez ere, Agurain inguruan, bertan baitaude euskaltegia, ikastetxe gehienak eta euskalgintza egituratua, eta horrek badu bere eragina.

"Mikroplanekin aurrera egiten ari gara; eragina nabaritzen hasia da"

Euskararen sustapena bultzatzeko, zer nolako proiektuak dituzue gaur egun esku artean?

Askotarikoak, arlo ugari jorratzen ditugu eta. Nabarmentzekoak dira gazte zein umeei zuzendutako aisialdi egitasmoak, Oxigenoa Euskarari, udalekuak eta jolastokiak, esaterako; kirol eskaintza euskalduntzeko egitasmoak hainbat herritan; helduen erabilera sustatzeko Berbalagun egitasmoa; bertsozaletasunaren bidez euskararen adierazkortasuna, kalitatea eta sormena sustatzeko eskola eta tailerrak; euskararen erabileraren inguruan gazteak ahalduntzeko Eusliderrak egitasmoa; udalerri txikietako herri txiki guztietan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko hainbat egitasmo, Barrundiako Ei Txo jauzi egin, eta Euskaraz hitz egin! modukoak; eta beste hainbeste. Hauetako batzuk erakundeen ekimena dira, eta beste batzuk eskualdeko eragileekin elkarlanean bideratutakoak.

Horietako bat aisialdi, kirol eta bestelako elkarteen artean mikro euskara planak sortzearena da.

Hainbat urte daramagu eskualdeko hiru herri nagusietako kirol eta aisialdi taldeekin euskararen erabilera sustatzen, eta horretarako hainbat mikroplan eta hizkuntza irizpide onartu dituzte taldeek. Orain horiek abian jartzen saiatzen ari gara, poliki baina etenik gabe. Pixkanaka aurrera egiten ari gara, eta orohar, eragina nabaritzen hasia da. Guztira, Dulantzi, Araia eta Aguraingo 15 bat talde inguru izango dira planak onartu dituztenak. Planak onartzeaz aparte, taldeekin adostutako hitzarmen eta dirulaguntza deialdietan hizkuntza irizpideak ezarri ditugu. Eta udal kirol eskaintza euskalduntzen joateko hainbat neurri hartu ditugu, eta martxan jartzen saiatzen ari gara, kostata, kirol arloa ez delako erraza, baina ari gara. Esaterako, kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezarri ditugu, eskaintza erabiltzaileen hizkuntzaren ezagutzaren arabera antolatzen saiatzen ari gara...

Kuadrillako euskara teknikari bezala, zure lana garatu ahal izateko baliabide nahikorik al duzu?

Hutsune handiena giza baliabideetan antzematen dut. Horretan eragin handia dauka nire lan jarduna antolatzeko moduak, lehen esan dudan bezala, udaletan aritzen naiz, eta udal bakoitzak bere planifikazio propioa dauka, horrek dakarrenarekin. Faltan botatzen dut eskualdeko ikuspegian oinarritutako jarduna. Udalka aritze horrek eragin handia du nire jardunean, eta dispertsioa, atomizazioa eta frente askori aurre egiteko beharra ekartzen du. Horrez gain, lan administratiboa ere handia da, eta horrek denbora kentzen die normalizazio lanei. Lautada bezalako eskualde batek giza baliabide gehiago behar ditu euskararen normalizazioan taxuz aritzeko, eta horrez gain, eskualde mailako plangintza eta jarduna, udalerrikakoa baino. Orain, lehentasuna zerbitzuaren berrantolaketan eta berregituraketan ikusten dut.

Euskara sustatzeko ahalegin horretan, azpimarratzekoa da Lautadako Euskararen Komunitatearen lana. Zein da erakundeen inplikazioa herritarrek martxan jarritako dinamika horren aurrean?

Erakundeen inplikazioa, orain arte behintzat, hitzarmenen bidez laguntza ekonomikoa eta babes instituzionala ematean oinarritu da gehien bat. Elkarlana nire bitartez gauzatzen da, baina ekarpen handiena hitzarmenen bidezko ekarpen ekonomikoa da, zortzi udalek eta kuadrillak egiten baitute ekarpen ekonomikoa biztanle kopuruaren arabera. Aipatu beharra dago, erakundeek azken urteotako Euskaraldietan izandako parte hartzea oso handia izan dela, erakunde zein langileen aldetik.

Lautadako Euskararen Komunitatearentzat funtsezkoa da elkarlanean jardutea, eta aspaldikoa da mahai bat osatzeko aldarrikapena. Pandemia dela eta, aurten bertan behera utzi egin da hori guztia.

Eskualde mailako euskararen mahaia edo elkarlanerako gune hori osatzearena aspaldian darabilt buruan, nik hainbat gunetan sarritan egindako ekarpena da, gero Euskararen komunitateak proposamen baten bidez gauzatu duena. Nire ustez beharrezko elkargunea da, horren bidez eskualdeko helburu bateratuak eta komunak izatea lortuko genuke. Aurrera begira, modu batean edo bestean, gauzatu beharreko helburua iruditzen zait. Baina hori nire iritzia da, nik ezin dut erakundeen iritzirik eman, oraindik erakundeetan jorratu gabeko gaia delako. Udal asko dira, eta hainbat iritzi egongo dira gune horren funtzioen eta egituraketaren inguruan, ziur aski, baina gaiari heldu beharko diogu noizbait.

Duela urte batzuk eskualde mailako euskarazko aldizkaria martxan jartzeko lehen saiakera egin zenuten. Baina kale egin zuen, ezta?

Bai, Sakanako Guaixe eta Debagoienekoekin bileretan aritu ginen, baina ez genuen inolako emaitza praktikorik lortu, hurbilpen batean geratu zen kontua. Orain, aukera berri bat egon daiteke.

Zer ekarpen egin dezake Lautadako Alea bezalako aldizkaria martxan jartzeak?

Ekarpen handia. Euskarazko salbuespenak gutxi dira, eta Lautadan horrelako ekimen batek mesede handia egingo lioke euskararen prestigioari eta ahalduntzeari. Komunikabideekin sare sozialekin gertatzen den gauza bera gertatzen da, ia dena gazteleraz dago, eta ez gara konturatzen zenbaterainoko eragina daukan horrek gizartean, eta are gehiago ume eta gazteengan. Euskalduntzearen ildo estrategiko garrantzitsuak dira komunikabide eta sare sozialak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago