Zalduondok 400.000 eurotik gorako aurrekontua onartu du 2021erako

Erredakzioa 2020ko abe. 30a, 09:20
Zalduondoko udaletxea. / WIKIPEDIA (Unai Fdz. de Betoño)

402.000 euroko aurrekontuaren erdia inbertsioetarako erabiliko du Zalduondoko Udalak; besteak beste, udal eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta Zumarraundiko bidea konpontzeko.

Zalduondoko Udalak 402.000 euroko aurrekontua onartu du 2021 urterako. 2020an baino 45.000 euro gehiago inbertsioetarako izango dira, 207.000 euro guztira. Inbertsio horien artean, nabarmentzekoa da eguzki plakak jarriko dituztela udal eraikinetan, Udalaren Energia Planaren barruan.

Horrez gain, bolatokia eta ondoko eraikina zaharberritzeko proiektua garatzeko 14.000 euroko partida bideratuko du Udalak.

Bestalde, landa-bideak konpontzeko, sareak lurperatzeko eta Zumarraundiko bidea konpontzeko partidak ere onartu dituzte. Zumarraundiko bidearen kasuan, 20.000 euro aurreikusi dituzte 2022 eta 2023 urteetarako, konpromiso kreditu gisa, obra fasetan egin behar dela aurreikusita. Obra horrek beste erakunde batzuen finantzaketa ere izango du.

Partidarik handiena, 52.854 eurokoa, Zalduondoko udalerrirako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko bideratuko da. HAPOri lotuta, Zalduondok beste 6.000 euro erabiliko ditu Plan Orokorraren eragin akustikoaren azterlana egiteko.

Diru laguntzei dagokienez, Zalduondoko Elkarteari 2.500 euroko laguntza emango zaio, tradizioak, herri-jaiak zein herri-erromeriak sustatzeko eta udalerriko tradizio etnografiko eta kulturalak berreskuratzeko, hala nola, landa inauteriak. Euskararen arloan, Olbeak 600 euro jasoko ditu, Euskaraldia bezalako jarduerak garatzeko.

Gustavo Fernandez Villate Zalduondoko alkateak zorionak eman ditu aurrekontu berriarengatik: "Egoera larrian egon arren, datorren urtean Zalduondok nahiko diru izango du udalerrian egin beharreko inbertsioei aurre egiteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide