Lautadako Euskararen Komunitateak, orokorrean, aurtengo Euskaraldiaren balorazio positiboa egiten du, eta martxotik aurrera bizi izandako egoera berri honen aurrean Euskaraldia antolatu ahal izatea lorpen bat izan dela azpimarratu dute antolatzaileek. Parte-hartze datuak eta ariketa antolatzeko ibilbidea ez dira hasiera batean aurreikusitakoak izan. Hala ere, Euskaraldiak, beste behin, euskara erdigunera ekartzeko aukera eskaini duela adierazi dute, batez ere, udazkeneko azken hilabete hauetan, eta, bereziki, ariketak iraun duen egunetan zehar.
Jakina da urruntze sozialak eragin diola aurtengo ariketa sozialari eta antolaketa prozesua zaildu duela. Bilerak, bisitak, desplazamenduak, mahai-informatiboak, tailerrak, antolatzaile eta parte-hartzaileen arteko kohesioa, material ezberdinen banaketa… antolakuntzarako funtsezkoak diren baliabide asko ezin izan dira behar bezala bideratu. Egoerari aurre eginez, 2018tik Lautadako antolakuntzan aritzen diren ia 80 lagunek gogotsu jardun dute. Gainera, Lautada koordinatzen aritu den 12 laguneko taldeak, Euskal Herriko antolakuntzarekin batera, egunez egun aldakorra zen egoerara egokitzen asmatu du.
Pandemiak sortutako aldarteak parte-hartzeari eragin dio, eta 2018an baino herritar gutxiagok eman dute izena. Hala ere, egoera kontuan hartuta, Euskaraldiak parte-hartze zabala izan du Lautadan: ariketan 1.004 lagun aritu dira: 584 ahobizik eta 420 belarriprestek jantzi dute txapa soinean. Horietatik 650 emakumezkoak izan dira, 345 gizonezkoak eta 9 ez binarioak. Izena eman dutenen artean, gainera, 137 lagun berri zenbatu dituzte, hau da, 2018ko Euskaraldian parte hartu ez zuten herritarrak. Aurtengo berrikuntza nagusia izanik, 71 entitatek eman dute izena arigune bezala. Modu horretan, beraien guneetan ahobizi eta belarriprestei erraztasunak emateko asmoa adierazi duten eragileak ugariak izan dira. Orotara, Lautadako 483 lagunek parte hartu dute arigune horietakoren batean, era kolektiboan.
Ariketaren eragina zenbatekoa izan den jakiteko, halere, ikerketaren emaitzak jaso arte itxaron beharko da. Argi dago, harreman kopuru txikiagoa izan dela, eta egunerokoan elkarren arteko tratuan aritzeko aukerak mugatuta egon direla. Oztopoak oztopo, Euskaraldia egin da, eta, egoera honetan egin ahal izatea ez da gutxi.
Argi-ilunak zeruan
Azken urteetan eginiko lanak emaitzak eman dituela agerian geratu da. Euskarak Arabako Lautadan normalkuntzarako pausu nabarmenak eman ditu azken boladan, eta guzti horiek lanean etengabe diharduten eragile eta norbanakoei esker gauzatu dira. Lurraldeak bizi izandako bilakaera horrek eta herritarren gogoak etorkizuna ilusioz irudikatzeko aukera eman beharko luke. Tamalez, ziurgabetasuna nagusitu da azken egunotan, Lautadako Euskararen Komunitateko kideek salatu dutenez.
Iragan abenduaren 7an, Lautadako Euskararen Komunitateko kideek, etorkizuneko lanak bideratzen hasteko egiten ari diren bileren artean, Lautadako EAJko hainbat ordezkarirekin bilera egin zuten. Ordezkari horiek bileran Euskara, etorkizunera begira 2019ko maiatzean Lautadako entitateetan bisitak egiteko formazio saioan parte hartu zuten Lautadako boluntarioek eta Topaguneko kideek. LEK-eko kideei jakinarazitakoaren arabera, azken hiru urteetan indarrean egon diren hitzarmenak berritzeko asmorik ez dutela adierazi dute. "Etorkizunean Euskaraldiaren antolakuntza lana Kuadrillako Euskara Zerbitzuaren esku utzi nahi dutela argudiatu dute", azaldu du Lautadako Euskararen Komunitateak. Euren esanetan, egoera horrek "hankaz gora" utziko luke azken urteetan euskararen normalizazio lanetan aritu diren eragileen etorkizuna, eta "zalantzaz beteriko panorama" irudikatzen dute Lautadako euskalgintzan.
Lautadako Euskararen Komunitateak gogorarazi du antolakuntza honen egituraketa eskualde osoan eta elkarlanean aritzeko xedearekin eratu zela 2017an. Horri esker, 2018az geroztik, beraien iniziatibaz sinatu ziren Lautadako 8 udalekin eta Kuadrillarekin Euskaraldia antolatzeko elkarlan-hitzarmenak.
"Gaur egun, Lautadako instituzio publikoek zein eragile sozialek Euskaraldia antolatzen jarraitzeko asmo irmoa izaten jarraitzen dute, inork ez du halakorik zalantzan jartzen. Baina, itxuraz, egiteko modua beste era batera antolatzeko nahia adierazi dute hainbat ordezkari politikok".
Lautadako Euskararen Komunitateak elkarrekin urratzen jarraitu beharreko bidea dela azpimarratu du, eta "nahitaez" erakunde publiko eta eragile sozialen arteko elkarlana adostu beharra dagoela. "Izaera horretako proiektu bat aurrera eramateko lidergoa partekatzea, beharrezko baliabideak jartzea eta Lautadako zortzi udal eta Kuadrillaren arteko adostasun instituzional zein politikoa lortu behar dira", adierazi dute LEK-eko kideek ohar batean. "Lautada osoan, era koordinatuan eta elkarlanean soilik, lortuko da hizkuntza-ohituren aldaketa bat eta Euskaraldia arrakastatsua izatea".
Komunitateko kideen ustetan, instituzio publikoek eta eragile sozialek elkarlanean jarduteak ez du iritzi ezberdinik egon ezin daitekeenik esan nahi. Eragile bakoitzak funtzio ezberdin bat beteko du, eta bakoitzak bere izaera eta egiteko moduak izango ditu: "Ezberdintasun horiek onartuta aritzeak eta lidergo partekatu bat izateak harreman emankorragoa eskaini dezakeela uste dugu".
Horregatik, Lautadako Euskararen Komunitateak elkarlanaren bidean pausuak emateko borondatea berretsi nahi izan du. "Lautadan, hizkuntza-ohituren aldaketa eta Euskaraldiaren antolakuntza elkarlanean egin beharko da, ez instituzio publiko batzuen lidergoarekin". Ordezkari publikoei eskaera zuzena egin diete, etorkizunera begira lankidetza sendotu eta adostasuna bilatzeko.
Ariguneak
Hasieratik, Barrundiako ekonomatoaren elkarteak apustu sendoa egin du euskararen erabileraren alde. Hamaika urte daramatzate arlo desberdinetan Euskaraldiaren helburu berdinak bultzatzen, eta arigune izateak haien filosofia eta egunerokoa baieztatu eta indartu egin ditu. "Erronka guztietan gertatzen den legez, bakarrik ez sentitzea oso garrantzitsua da; komunitate baten parte, gizartearen parte bat izatea eta erronka elkarrekin aurrera eramatea ezinbestekoa da", azaldu du Lopez de Ullibarrik. Aldi berean, metodologia ezartzea eta hausnartzeko gai izatea ere lagungarria da, haren esanetan, kontuan hartzeko zein neurritan aurrera egin duten euskararen erabileran. "Halako ekimenei esker, kontzienteago gara, eta berehala identifikatzen ditugu bazkide berrien artean nortzuk diren belarriprest eta nortzuk ahobizi. Gainera, orain arte ausartu ez direnak konturatu dira zein erraza den, behintzat, euskaraz ari direnak errespetatzea".
Burguko ingurumen zerbitzua
Burguko Udalean inportantea eta beharrezkoa dela uste dutelako erabaki dute Euskaraldian parte hartzea. Astero teknikariak lanean egoten diren bulegoen solairua arigunea izan da. "Eta teknikari gehienok euskaldunok garenez, aproposa zela hausnartu genuen; bai herritarrekin euskaraz komunikatzeko edo aukera emateko, eta baita gure artean hitz egiteko ere", azaldu du Hodei del Olmok. Euskaraldiak agerian jarri ditu euskara, euskaldunak eta euskaldun berriak. "Udalerrian, teknikari eta biztanle askok erderaz hitz egiteko joera izaten dugu, eta aukera bat da txipa aldatzeko eta euskaraz harremanetan jartzeko". Udaletxeko ariguneak euskaraz komunikatzeko abagunea garrantzitsua eskaintzen duela gogoratu du. "Udalean euskara, ez bakarrik alderdi ofizialean, herritarrekiko solasaldietan ere egon behar da. Beraz, etorkizunean ere kontuan hartzeko erabilgarria izango da. 'Burguko ariguneari' eutsi beharko genioke, etorkizunean euskarazko harremanak mantentzeko".
Dulantziko dantza taldea
Dulantziko dantza taldean euskararen erabilera sustatu nahi dute, eta horregatik erabaki dute, hain zuzen ere, Euskaraldian arigune bezala parte hartzea. "Modu horretan, erraztasunak eman nahi ditugu euskara erabiltzeko, eta uste dugu aukera on bat dela gure inguruko jendeak euskara erabiltzeko", azaldu du Adeli Fernandezek. Euskaraldiak Dulantziko dantza taldeari ekarpen handia egin diola esan du, eta aitzakia on bat izan da denak batera egun batzuetan ahalegin bat egiteko. "Gainera uste dugu baliogarria dela gure arteko harremanetan euskararen erabilera ohitura bihurtzeko". Baina, ez bakarrik dinamika martxan egon den egunetarako; etorkizunean ere, Euskaraldia behar dutela esan du. "Zerbait praktikoa da, egin behar da, bakoitza eroso sentitzen den rolean, baina egin behar da. Oso lagungarria da horrelako zerbaitetan parte hartzea; euskaraz hitz egitera animatu egiten gaitu".
Erdoñanako Piztu Elektrikariak
"Enpresa mailan ere garrantzitsua da euskararekiko konpromisoa adieraztea eta praktikara eramatea, eta horregatik garrantzitsua iruditu zitzaigun Euskaraldia egitasmoan parte hartzea", azaldu du Iñigo Romanok. Lana euskaraz egin ahal izatea, hori posible izatea bideratu nahi dute enpresatik, bezeroari aukera hori eman nahi diote, eta kasu honetan Piztu elektrikariak enpresatik. Sektore honetan ez da ohikoa izaten langileen artean euskara entzutea, eta ariketa sozial handi honi esker, hori modu batean posible egin daiteke. Ohiturak gutxinaka aldatzeko modua izan daiteke egitasmo hau, Romanoren esanetan, eta beharbada beste modu batera egingo ez luketena praktikan jarri dute Euskaraldiarekin. "Ariketa honek erabakiak hartzera bultzatzen gaitu, euskaraz egitera, eta bezero euskaldun gehiago identifikatzea ere ekartzen du". Aurrera begira, uste dute garrantzitsua dela halako ekimenetan parte hartzea, "enpresetan euskararen erabilerak pisu handiagoa izan dezan".
Aguraingo Maika Fisioterapia
Haien artean euskara erabili nahi dutelako parte hartu dute Euskaraldian, eta horregatik erabaki dute arigune izatea. Barne arigune bat osatu dute lankideen artean, haien hizkuntza-ohitura aldatu eta euskarara eramateko. "Uste dugu inportantea dela pazienteei euskara erabiltzeko aukera ematea, eta haiek jakitea hemen euskaraz egin ahal dutela, langileekin aukera hori izango dutela", nabarmendu dute. Euskaraldiak pauso hori ematen lagundu die, beharbada beste modu batera egingo ez zutena. "Giro bat sortzen du, aukera bat da gure artean eta pazienteekin ere euskaraz egiteko". Euskarari lotutako irudi bat sortzen laguntzen du halako ariketa sozial batek, eta bezeroek horretan identifikatzen dute entitatea. Haien ustez, dudarik gabe, etorkizunean ere garrantzitsua izango da pausoak ematen jarraitzea, eta Euskaraldia bezalako ekinaldiak antolatzea. "Bidean gaude, horretan ari gara, baina oraindik asko dugu egiteko, eta horrelako ekimen praktikoak behar ditugu".
Araiako Kromletx Kooperatiba
Kromletx kooperatiban, Euskaraldian izena eman dute arigune bezala, oso garrantzitsua ikusten zutelako batez ere haien hizkuntza ohiturak aldatzea bazkideen artean. "Euskaraz hitz egin eta ulertzen dugu, baina erabiltzea askotan kostatzen zaigu, eta horretarako lagungarri izan da ariketa sozial honekin bat egitea", azaldu dute. Ingurumen eta landa ingeniaritza batzen duen kooperatiba da, eta Euskaraldiak ekarpena handia egin diela esan dute, "ohitura asko aldatu eta euskara geroz eta gehiago erabiltzen lagundu digulako". Aisialdiarekin, hezkuntzarekin eta baso-lanekin lotutako jarduerez gain, aipatzekoa da kooperatiba diziplina anitzeko talde batek osatzen duela, eta hainbat arlo hartzen dituela. Lan hori aurrera eramateko, etorkizunean ere Euskaraldia lagungarria izango dela uste dute, "baina ordurako euskaraz lan egiteko ohitura finkatua egotea espero dugu".
Zalduondoko kultura elkartea
Zalduondoko Kultura Elkarteak euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa daukanez eta herriko hizkuntz ohiturak aldatzeko Euskaraldia "ekimen oso garrantzitsua" iruditzen zaienez, arigunea izateko izena eman zuten bi helburuak bat datozelako ohiko jardunarekin. "Euskaraldia oso lagungarria izan da guretzat, askotan ohiturak aldaezinak direla uste dugulako, eta halako egitasmo batek maila handi batean erakutsi digu, hizkuntz ohiturak aldatzea zaila bada ere, ez dela ezinezkoa eta aurrera jotzeko tresnak eman dizkigu", esan du Lurdes Lekuonak. Egindako ariketa etorkizunean ere lagungarria izango dela uste du. Hala, Zalduondoko Lazarraga jauregian dagoen kulturgunea edo museoa ikustera doazen lagunek bisita euskaraz ere egin dezaketela jakingo dute, "eta, horrela, gero eta gehiago zabalduko dugu euskararen erabilera, bai gure udalerriko biztanleen artean, baina baita inguruko herritarren artean ere".
Iruraiz-Gaunako Udaleko bulegoa
Iruraiz-Gaunako Udalaren erabakia izan da Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzea entitate gisa, herritarrei udal bulegoko harreran euskaraz egiteko aukera emateko helburuarekin. Euskaraldiaren ekimenari esker, entitateak udal langileei aukera bat ematen die euskaraz egiteko lan eremuan. "Niretzat oso inportantea da lanean aukera hori izatea. Nik, adibidez, euskara ikasi nuen eta lanean erabili nahi dut. Izan ere, gurasoekin galegoz hitz egiten dut, nire etxean gaztelaniaz hitz egiten dugu, txikitan Alemanian bizi izan nintzen, eta orain lanean euskara erabili nahi dut", aipatu du Marisol Iglesiasek. Etorkizunean Euskaraldian hasitako dinamikak lagungarriak izango direla uste du. "Dena den, oraindik bide luzea dugu hizkuntza-ohitura aldatzeko. Sarritan euskaraz hasten gara, baina segituan gero erdarara pasatzen gara...". Euskaraz egin nahi arren, bidean zailtasunak agertzen direla dio, eta Euskaraldia bezalako ariketak "oso lagungarriak" dira.