Garagardo bat niretzat

Amaia Gartzia 2020ko abe. 31a, 08:00
'Bakarrik taberna batean' bideoklipa Araiako Casino tabernan grabatu dute. BAKARRIKTABERNABATEAN

Emakumeak ahaldundu eta normalizatutako indarkeriak salatzeko, 'Bakarrik taberna batean' bideoklipa aurkeztu dute Laia Eskolak eta Lautadako mugimendu feministak, hainbat artista eta herritarrekin elkarlanean.

Taberna batera sartu zara. Tragoa eskatu, eta zure gainean begiradak sumatzen hasi zara. Gainontzeko bezeroak gizonak ez, matxiruloak dira. Eta zu emakumea. Lau lerroko zertzelada hauek nahikoak dira koadroaren izenburua edo gaia hautemateko. Batez ere, emakumea bazara.

Bakarrik taberna batean bideoklipak landu duen afera da. Punk-rocka jariatzen duen mihise gaineko lana da, Laia Eskolak –Arabako Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako eskola– beste artista batzuekin zein Lautadako mugimendu feministarekin elkarlanean eginikoa. Markoa, landa eremua.

Hargatik, Araiako Casino tabernan grabatutakoa da azaroaren 25ean aurkeztu zen aipatu bideoklipa, emakumeen indarkeriaren aurkako eguna aitzakia hartuta.

Helburua, emakumeon berdintasun eza bistaratzeko zerbait berritzailea egitea, eta horrekin puskatzeko indarra transmititzea, nola ez, Arabako Lautadak berezkoa duen punk-rock osagaia aintzat hartuta. Osagaiok Bakarrik taberna batean kanta dute emaitza, La Xeta Paxote 90. hamarkadako taldeko Marta Aldama, Mamen Rodrigo Vulpess taldeko ahotsa izandakoa eta Belen Nevadok sortua. Horrez gain, Irantzu Lekue artista gasteiztarrak eta Irantzu Varela ekintzaile feministak ere parte hartu dute bideoklipean.

Izan ere, emakumeak dira matxiruloen papera hartzen dutenak bideoklipean. Hori zehaztu nahi izan du Nevadok: "Ez dira pertsonaia maskulinoak irudikatu, antzeztu dena pertsonaia oso konkretu bat izan da, matxiruloarena, hain zuzen". Izatez, izan dira kontrako ahots gutxi batzuk eta gizonen irudia "degradatu" egin dutela aipatu duten despistatuak.

Bakarrik taberna batean bideoklipak mikromatxismo ereduetako bat –askoz gehiago baitaude– erreproduzitu du, bi generoen arteko desoreka egoera salatzeko. Izan ere, Lautadako mugimendu feministak nabarmentzen duenez, "taberna batean, adibidez, agerian geratzen da munduan zehar bakarrik eta beldurrik gabe ibiltzeko askatasuna genero maskulinoaren pribilegioa dela".

Egoerak, era berean, normalizatutako indarkeria bat azalarazten du, "mikro" aurrizkiak ez diolako kasu honetan txikitasun edo gutxiengo baten arazoa izan daitekeen zerbaiti erreferentzia egiten: "Mikro-matxismoak horrela deitzen dira ez txikiak direlako, normalizatu egin direlako baizik, eta on- dorioz, horrek ikusezin bihurtu dituelako", azaldu du mugimenduak.

Normalizatutako urraketa horiek salatzeko edo horiekin akabatzeko baliagarriak izan daitezkeen afixen hutsunea nabarmendu du, bere aldetik, Nevadok, jarrera sexistak eta arrazistak gaitzesten dituztenak. Horrelakorik gertatuz gero, emakumeek zerbaitetara heltzeko aukera izan dezaten: "Uste dut horrelako kartelak edozein espazio publikotan egon beharko liratekeela, areago tabernetan".

Taberna izan da kokapena leku horrek dituen konnotazio guztiak aintzat hartuta. Garai batean tabernetara joaten ziren emakumezkoak taldean eta gehienez jota kafe bat hartzera hurbiltzen ziren. Hortik kanpo ateratzen zirenak "zerbait bilatzen" ari ziren, Nevadok dioen legez. Lokalizazio honi jarraiki, anakronismo hau jokoz kanporago uzten du aktoreak garagardoaren asmatzaileak emakumeak izan zirela gogorarazten duenean. Eta orain, gure ahizpon asmakizuna gozatzeko lekuz kanpo sentitu behar dugu?

Bigarren desoreka bat lantzen dute: emakumearen papera ohol- tzan, kasu honetan, punk-ean. Horren inguruan sobera daki Belen Nevadok, kantaren ahotsak eta bideokliparen bultzatzaileetakoak: "Gogo handia neukan bideoklip bat egiteko erreferentzia hori ere sartzeko, izugarri maskulinizatutako mundu bat delako", Xeta Paxoteko garaiak gogoan. Punk-aren kon- testuak, orobat, amorrua eta dibertsioa uztartzen ditu, eta aldarrikapena jantzi egiten du horrela: "Hori ere garrantzitsua iruditu zait, guk ere eskubidea dugulako gauzak era horretan adierazteko jarrera punk feminista baten bitartez".

Gaizki abesteko eskubidea

Zentzu horretan, interesgarria da aktorearen gogoeta: "Emakumeek abesten dutenean ondo abestu behar dugun ideiarekin puskatzea zen beste hausnarketetako bat. Ondo esaten dudanean erregistro zorrotz bat esan nahi dut, polita izan behar duen ahots bat, goxotasuna transmititu behar duena; hots, femeninotzat hartzen den gaizki-ulertu hori".

Musika konkretu honetan feminismoaren garapenaz galdeturik, aldaketa batzuk egon direla aitortu du musikari ohiak: "Emakumezkoen talde gehiago daude, baina ez espero ziren bezainbeste".

Antzerkia da batez ere Nevadoren alorra, nahiz eta aipatu bezala punk-aren botak jantzi zituen La Xeta Pasote taldearekin 90. hamarkadaren bukaeran. Laia eskolak eskatuta, indarkeriaren aurkako nazioarteko egunerako zerbait egitea proposatu zioten aktore eta musikari ohiari. Bideoklip formatua bururatu zitzaion orduan hari, "hedapen azkarra duelako, eta lau minu- tu eskasetan mezu bat helarazi daitekeelako".

"Antzeztu dena pertsonaia oso konkretu bat izan da, matxiruloa"

Haatik, atzeko lan eta elkarlan handia dago, eta emaitza bideoklipa zein abestia diren arren, tailer ezberdinak egin zituzten parte hartzaileek, eta karakterizazioa azken urratsa izan da: "Taldeko lan handia egon da, eta asko eskatu diegu, oso zaila izan da pertsonaia zehatz hori mantendu zezatela eskatzea".

Horren jakitun da Nevado, "ez baita erraza, emakume bezala heziak izan garenean zenbait jarrera, keinu eta ekintza erreproduzitzea". Zergatik den galdetu zaionean, beste behin ere asmatu du artistak: "Ez digute ume izaten utzi, neskatoak izan gara hasieratik. Gona bat edukita gauza batzuk egin ditzakezu, eta praka batzuk jantzita beste zenbait, ez badaukazu berezko jarrera oso aurrerakoi bat".

"Ez digute ume izaten utzi, neskatoak gara hasieratik"

Bere hausnarketarekin bat, Irantzu Lekue artistak berretsi egin du hori: "Belenen emakumezkoak gizonezko bilakatzeko asmoa, batez ere, nolabait gorputzetan transformazio puntu hori sentitzea izan da. Nola gure perspektiba aldatzen den, beste era batean jantzita edota gorputzeko postura aldatuz". Matxirulo gazteenarena izan da bere papera bideoklipean, ez baita adin kontua.

Ikastaroen bidez erasotzailearen paperean jarri dira emakumeak, eta horren bidez boterea kendu diete. Hori askotan egin baita historian zehar, boteredunak irrigarri utzi. Bideoklipean parte hartu duten emakumeek hala berretsi dute: "Aukera eman digu maskulinitateekin esperimentatzeko, genero maskulinoaren nagusitasuna sentitzeko, boterea sentitzeko. Espazioaren okupazio hori, konfiantza hori eta segurtasun faltsua".

Urteak aurrera, inguruko feminismoan aldaketak egon izan direla baieztatzen da La Xeta Pasoteko Belen Nevadok esaten duen moduan, "egindakoa feminista ote den galdetzen didatenean. Ondo dago, nahiz eta ironikoa izan, baina zeozer aldatu denaren erakusle da". Ekimenak arrakasta erdietsi du feministen hitzetan ere: "Eragin handia izan du inguruan, eta pertsona asko ikutu ditu".

Lautadako feminismoa, amaraun bat

Ez dago Lautadako mugimendu feminista bakarra, ezta sorrera urte zehatzik ere. Bai, ordea, hastapenik eta elkarlanik. Egiazki, emakumeek osatutako zenbait elkarte edota multzo izan dira Lautada mailan eskubideen alde lanean. Nola ukatu, hortaz, feminismoa lantzen ari zirenik edota mugimendu feminista bat ez zirenik? "Lautadan emakumeen elkarte eta taldeak aspaldidanik daude, eta adibide gisa Landa Eremuko Emakumeek bi hamarkadetan zehar urtero antolatutako jardunaldia aipa dezakegu", diote partaideek.

Amaraun baten gisan, emakumeen mugimendua saretze baten bidez eratua izan da Lautadan. Duela bi urte, Emakumeen Nazioarteko Egunean, sendotasun irudi ukaezina eskaini zen Lautadan: "Gure aurreikuspen guztiak gainditu zituen egunak berak eta baita arratsaldeko mobilizazioak, gurean inoiz ikusitako mobilizazio jendetsuena izan dela esan daiteke". Zergatien gainean galdeturik, hein batean 2015eko Emakumeen Mundu Martxak utzitako arrastoa antzeman dezakegu.

Egun, hauek dira Lautadako mugimenduaren ildoak: "Ospatu" beharreko egun horietako kontzentrazioez gain, berdintasun martxak, hitzaldiak, literatur saioak, kale kanpainak eta bestelakoak egiten dira herriz herri. Emakume batek indarkeria matxista pairatu izanaren berri badute, egoeraz informatu, laguntza eskaini eta salaketa zein herri ekimenak antolatzen dituzte. Zenbait herritan jaietan erasoak salatzeko telefonoa eta laguntza protokoloa martxan jarri dute, eta, gainera, jaietan gauez etxera joateko laguntza eskaintzen dute. Erakundeen arloan izan dira lorpenak. Besteak beste, Lautada mailan indarkeriari aurre egiten dioten emakumeen aldeko protokoloa egin zen duela urte batzuk, gaur egun bigarren protokoloa indarrean egonik. Mugarri garrantzitsua izan zen, ordura arte gizarte langileek ahal zuten guztia egiten zutelako, baina protokoloak arreta hobetu du.

Azken hamarkadan Aguraingo udal barruan feminismo hitza protagonismoa hartzen joan da, kasu batzuetan benetan sinesturik bide bakarra dela berdintasun eraginkorra lortzeko. "Beste batzuetan aldiz, itsurakeri hutsa izan da, kanpora begira egun berezietan deklarazioak onartu, balkoietan pankartak jarri... baina barrura begira ezer gutxi. Hala ere positiboan ikusi nahi dugu", dio mugimenduak.

Lautadako Kuadrillan duela zazpi urte inguru Berdintasun Zerbitzua sortzeko apustua egin zen: "Dauden beharretarako nahikoa ez bada ere, aurrerapauso bat izan da hau, indartu beharrekoa". Nabarmentzekoak ditu ere Lautadako mugimendu feministak Laia Eskola –ekimenaren bultzatzaileetako bat– zein arestian aipaturiko Landa Eremuko Emakumeen topaketa. Haatik, instituzionalizatzearen arriskuez hausnartu du: "Gehiegitan gertatzen den bezala, proiektu instituzionalek herri mugimenduak desaktibatzeko joera izaten dute, eta mugimendu feminista zerbait bada, feminista eta herrikoia da".

Horren erakusle da topaketa hori. Ia hogei urtez emakumeek antolatuta, Kuadrillarekin elkarlanean eta adostasunez Berdintasun Topaketa izendatu zuten, herritar ezberdinen inplikazioa lortuz eta jardunaldia indartuz. Alabaina, azken urteotan beherantz egin du: "Azkenengoan, gaia oso interesgarria bazen ere – Hirigintza feminista– Lautadako gutxi egon ginen, gehienak politikariak eta kanpoko teknikariak izanik, izaera herrikoia galdu du", salatu dute mugimendutik. "Nahi gabe bada ere, proiektu hauek hierarkia bat markatzen dute neurri handi batean. Berrazterketa bat beharrezkoa litzateke guztiontzako aberasgarria izan dadin, herriaren alde egingo baitu horrek".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide