Gebarako dorrean gora, iraganera jauzia

Naiara Lopez de Uralde 2021ko urt. 3a, 08:00
Zutik dagoen dorre jauregiaren aztarnak ezagutzeko bisitaldi antzeztuak antolatu dituzte. NAIARA LOPEZ DE URALDE

Hiru pertsonaia historikoren laguntzaz, garai desberdinetara bidaiatzeko aukera emango dute gebarako jauregian egingo dituzten bisita antzeztuen bitartez.

Gebarako herritik 300 bat metrotara, izen bereko gaztelua kokatuta dagoen hegoaldeko muinoaren hegalean, gebarata- rren dorre jauregia zenaren aztarnak antzeman daitezke. Jatorrian, elkarri lotutako eta laukian eraikitako lau dorrez osatutako multzo sendoa zen. Gaur egun, ordea, eraberritutako dorre bat, beste bi dorre izandakoaren hormak eta guztia inguratzen duen harresia geratzen dira zutik soilik. Hasiera batean zaharkiturik eta sastrakez beteta dagoen eraikin bat dela pentsatu daitekeen arren, oraindik antzinako historiak bizirik jarraitzen du harri horien baitan, eta hori da abenduaren 20an antolatuko dituzten bisitetan erakutsiko dutena.

Arabako Foru Aldundiak kultura eta ondarea uztartzen dituen ekintza desberdinak antolatu ditu Udazken honetan #KulturaSegurua programaren barruan, eta horietako bat lehen aldiz Gebarako dorretxean egingo diren antzeztutako bisitaldiak izango dira. Saio hauen bitartez, bisitariak iraganera jauzi egiteko aukera izango du, eta hainbat garaitako giroan murgildu ahal izango da hiru antzezleren laguntzarekin.

"Udalerriko jendeari bertako ondarea ezagutaraztea da helburua"

Orbela Ikerketa eta Ingurumen-Hezkuntza enpresaren gidaritzapean, hiru emanaldi desberdin izango dira. Lehenengo emanaldia 10:30ean izango da, bigarrena 11:45ean, eta azkena 13:00etan; eta txanda bakoitzean bost pertsonez osaturiko hiru talde egongo dira gehienez. Gainera, parte-hartzaileen segurtasuna bermatu nahian, eta egun indarrean jarraitzen duten muga-neurriak direla eta, bisitaldia Barrundiako bizilagunei mugatuta egongo da. Gauzak horrela, "egitasmo honen helburu nagusiena udalerriko jendeari bertako ondarea gerturatzea da", azaldu du Jone Miren Gilek, Orbela enpresako langileak.

Jarduera Gebarako herriaren amaieran hasiko da, eta poliki -poliki hiru pertsonaia historikoren laguntzaz, oraindik zutik mantentzen den dorrearen barnealdera murgilduko da, bertan antzina gertatutakoak era atsegin, arin eta entretenigarri batean azalduz.

"Ekintzaren berri eman eta handik gutxira ia leku guztiak bete ziren, horregatik, publikoaren erantzuna positiboa izatea espero dugu. Izan ere, bisita hauen bidez historia era didaktiko eta dibertigarri batean azaltzen denez, gaian adituak ez diren eta adin guztietako pertsonengana iristea ahalbidetzen du", dio arduradunak.

Era horretan, "dena ongi joanez gero, etorkizunean, pandemiaren egoerak hobera egiten duenean, ekintza errepikatzea gustatuko litzaiguke emanaldi gehiago eginez eta kanpoko publikoari irekiz". Bisita berez gaztelaniaz egingo da, hala ere, aurkezpena euskaraz izango da, eta gero gidoian zehar garai horretan Barrundia mailan erabiltzen ziren euskarazko hitz batzuk ere sartu nahi izan dituzte, Larrea herrian bizi zen Joan Perez Lazarragakoari keinu eginez, Gilek esan bezala.

Ondarea maitatzen ikasi

Orbelako lantaldeak urte asko daramatza Lautadan ingurugiro, kultura eta turismo arloetako proiektu desberdinak antolatzen, eta oso ondo ezagutzen dituzte inguruko bazter guztiak. "Eremu hau oso aberatsa da baliabide desberdin asko dituelako, baina tamalez, ezjakintasunagatik edo, askotan ez dugu ondoan ditugun monumentuak edota horiek atzean duten historia guztia aintzat hartzen. Eta hori da, bereziki, mota honetako ekintzekin bilatzen duguna, inguruan duguna maitatzen ikastea", esan du arduradunak.

Aurretik Añanako Gatz Haranean, Zabalateko gazteluan edota Alaitzako elizan ere egin izan dituzte bisitaldi antzeztuak.

Hala ere, antolatzaileak mota honetako ekintza bat aurrera ateratzeko lan mardula egin behar dela onartu du. "Denbora asko behar da gertaera historikoez ongi jabetzeko, hortik antzezlan bat sortzeko, jantziak eta bestelako attrezzoak prestatzeko edota gidoiak buruz ikasteko, baina guk lan hau guztia korrika eta presaka egin behar izan dugu, Gebarako jauregia proiektu ho- nen barnean sartzearen ideia duela pare bat hilabete edo sortu baitzen. Eskerrak Ttipia antzerki taldearen eta Fernando Sanchez Aranaz historialariaren laguntza izan dugun".

Sanchez Aranazen ekarpena, gainera, oso berezia izan da Gebaratik kilometro gutxitara dagoen herrian bizi baita. "Ni Mendixurrekoa naiz, eta gaztelua zein dorretxea betidanik oso ongi ezagutu ditut", azaldu du historialariak. "Orbelatik proiektu honetan parte hartzeko deitu zidatenean, justu gazteluaren inguruan egingo den beste ikus-entzunezko batean lanean nengoen Barrundiako Udalarekin eta Lautadako Kuadrillarekin batera, hortaz baiezkoa gogotsu eman nien".

Historian barrena

Gebaratarrak oso familia bote- retsua izan ziren Erdi Aroan Lautadan, eta XI. mendean euren izena daukan herriaren muinoa- ren gailurrean gaztelua eraiki zuten, Postaseko Errege Bidetik egiten ziren joan-etorriak hobeto kontrolatzeko asmoarekin. Urte batzuk beranduago, XIV. men- dean, lau dorretxe zuen jauregia egin zuten muino beraren oinetan. "Antzinako dokumentuetan agertzen denaren arabera, garai horretan erregeek soilik izan zezaketen lau dorreko jauregi bat, beraz familia hark zuen eragina noraino iristen zen sumatu dezakegu. Horregatik, aro haietan hobe zela Gebaran jauntxoa izatea Espainian erregea izatea bai- no esaten zutenak ez zeuden batere oker!", barrez dio historiagileak.

I. Karlistaldian, ordea, zorigaitza iritsi zen herrira. "2.500 kilo bolbora erabilita, jauregia eta gaztelua erabat suntsitu zituzten liberalek 1839ko aben- duaren 30ean egindako erasoan, defentsarako eraikitako monumentu biak hauts bilakatuz. Hamarkada batzuk geroago, II. Karlistaldian, karlistak gaztelua berreraikitzen ahalegindu ziren Aguraingo harresitik harriak hartuz, baina azkenean ahalegin horiek guztiak hutsean geratu ziren. Beraz, argi dago historia luzea dagoela Gebaran. Dena dela, agian niretzat dokumenturik bitxienak bidaiariek inguru honetatik pasatzerakoan euren kroniketan idatzi zutenak dira".

"Lanean hasi gara kontzertuak eta bestelakoak antolatzeko"

Orainaldira itzuliz, 1964. urtean, Aldundiak ipar-mendebaldeko dorretxea eta harresiaren zati batzuk eraberritu zituen. Hogei urte geroago, 1984an alegia, Mo- numentu Historiko Artistikoa izendatu zuten, eta ondoren, Espainiako Ondare Historikoari buruzko Legearekin modu generikoan babestu zuten. "Gerora, bisitariak hartzeko egokitu zen, baina honakoa izango da antzez- tutako bisitak egingo diren lehenengo aldia", argitu du Gilek.

Sanchez Aranazen ustetan, mota honetako ekintzak egitea oso garrantzitsua da, izan ere azkenaldian Araban ondare kul- tural eta artistikoa berreskuratzeko lan handia egiten ari bada ere, urteetan monumentu asko galdu da. "Horregatik, inguru paregabe honi balio erantsia emateko mota honetako egitasmoek jarraipena izatea asko gustatuko litzaiguke; hori dela eta, helburu horrekin lanean hasi gara jada, bertan kontzertuak eta bestelako ekintzak antolatzeko ahaleginak egiten".

Mendixurreko bizilaguna hilabete hauetan egindako lanaren emaitza ikusteko irrikan dago. "Guztia primeran aterako dela ziur naiz, Orbelako langileak eta Ttipiako antzezleak profesional hutsak baitira", esan du historialariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide