David Alvarez / Txus Urrutia

"Inoiz baino beharrezkoagoa da tokiko merkataritza sustatzea"

Juanma Gallego 2020ko abe. 23a, 08:00

David Alvarez eta Txus Urrutia, Lautadako merkataritza alorreko eragileak, Aguraingo plazan. /Juanma Gallego

Negozio eta herri bakoitzak dituen berezko ezaugarrien araberako laguntza eta arreta bideratzea galdegin diete instituzioei merkataritza alor desberdinetan diharduten David Alvarezek eta Txus Urrutiak; herritarrei, aldiz, tokiko merkataritzaren aldeko hautua egiteko eskatu diete

Merkatari eta ostalariek bizi duten egoeragatik kezkatuta agertu dira Arabako Errioxako, Lautadako eta Mendialdeko merkataritza teknikari David Alvarez eta Lautada Bizirik ACICSA merkataritza eta ostalaritza elkarteko presidente Txus Urrutia. Covid-19aren krisiaz gain, sektoreak aspalditik beste bi arazo handi dituela ohartarazi dute: saltoki handiak eta internet bidezko erosketak.

Nolakoa da Arabako Lautadan sektorearen egoera gaur egun?

David Alvarez.: Ziurgabetasuna daukagu, ez dakigulako zer gertatuko den Gabonetan. Funtsezkoa da neurriak argi edukitzea, merkatariek bezeroak nola artatu ahal izango dituzten jakiteko. Badirudi denborarekin neurriak arinduko direla, eta kalera ateratzeko aukerak handituko direla. Baina, halere, jarraitu behar dugu jendea kontzientziatzen tokiko merkataritzan kontsumitzeko beharraz, eta horretara animatu nahi ditugu. Batez ere aurten gertatu den guztiarekin, inoiz baino beharrezkoagoa da tokiko merkataritza eta ostalaritzan kontsumitzea, gure kuadrillako merkatariek ateak itxi behar ez ditzaten.

Zifretan, zenbat daude Kuadrillan?

D.A.: Lautadan 60 bat establezimendu daude. Zorionez, guk dakigula, gurean Covid-19a dela-eta inork ez ditu dendako ateak itxi behar izan. Egia da, ordea, establezimendu bateko kide batek erretiroa aurreratzea erabaki duela. Dena dela, seguruenera ondorioak datorren urtetik aurrera nabarituko dira.

Orain egoerarik gogorrena beharbada tabernariena da, ezta?

Txus Urrutia.: Bai, ostalaritza da egoerarik txarrenean egon dena. Itxita egon gara, eta gero aukera izan dugu etxez etxeko banaketa egiteko, eta baita eramateko moduko kafeak prestatzeko ere. Agurainen kasuan, 18 bat taberna gara, baina soilik lau mantendu dira irekita. Ordu batzuk ireki dituzte, eta zertxobait saldu dute, baina hori ez da jasangarria. Aurtengo egoera oso latza izan da: irekita egon garenean, murrizketa handiak izan ditugu; mantendu beharreko distantzietan eta aforoetan, batez ere. Kontsumoa bultzatzeko hainbat bono kanpaina egin dira, baina horiek ez dira oso egokiak tabernetarako.

Gainerako merkatariek nola bizi izan dute?

T.U: Denetarik egon da. Udalerri mailako konfinamenduak ekarri du herrian bertan egindako erosketek gora egitea, batez ere elikagaiak saltzen dituztenen kasuan. Baina sektorearen krisia aspaldikoa da: Gasteiz 20 minutura egonda, jende askok saltoki handietan erostera joateko ohitura du, eta internet bidezko erosketen aurrean ere lehiatu behar dugu.

Suposatzen dut erronketako bat izango dela udalerri mailako konfinamenduan hartutako ohitura hori mantentzea…

D.A.: Hala da. Horregatik, jarraitu behar dugu azpimarratzen tokiko merkataritzan kontsumitzeko beharra. Egoerak ekarri du jendeak bertako merkataritzan kontsumitzeko esperientzia izatea, eta, ondorioz, gaiaren inguruko kontzientziazioa handitzen ari da.

"Udalerrien araberako egoerak oso desberdinak izan daitezke; baita sektorearen arabera ere"

Oro har, jendearen partetik zer harrera sumatu duzue Lautadan?

D.A.: Aurten, erakunde desberdinek sustatuta, tokiko kontsumoa bultzatzeko lau bono kanpaina egin dira, eta jendeak oso ondo hartu ditu. Orain, merkataritza elkartearekin batera, Aguraingo Udalak Gabonetako kanpainari begira beste bat abiatu du. 6.000 euroko inbertsioarekin, 1.200 bono kaleratu dira. 15 euroren truke 20 euroko erosketa egin daiteke. Dulantzik ere bonuen kanpaina propioa martxan jarri du. 18.000 euroko inbertsioa egin dute, baina planteamendua desberdina da: 45 euroren truke, 60 euroko erosketak egin daitezke, 12 bonotan banatuta; sei bono ostalaritzan erabiltzeko eta beste sei komertzio eta zerbitzuetan kontsumitzeko. Asmoa da, noski, deskontu horren bitartez Gabonetan eta urtearen hasieran kontsumoa berraktibatzea: Aguraingo kanpaina urtarrilaren 31rarte izango da, eta Dulantzikoa otsailaren 28ra arte.

Ekonomia aldarte bat dela esan ohi da. Baina bono horiena ez al da izango adabaki bat?

D. A.: Adabakia izan daiteke, baina kontsumoa berraktibatzea lortzen du. Jendea kalera ateratzera eta erostera animatzen du. Eta ikusten duzunean jendea kalean dagoela, horrek laguntzen du egoera normalizatzen. Argi dago, noski, herri bakoitza desberdina dela. Adibidez, Agurainen udalerri mailako konfinamenduak ekarri du herrian jende gehiago asteburuetan kalera ateratzea.

Konturatzen zara herrian bertan ere aisiaz gozatzeko parada dagoela, eta giroa dagoela. Txikiak izan arren, Araian edo Dulantzin industria nahikoa dute, eta hara lanera doan jende askok ere herrian bertan zerbait kontsumitzen du. Baina badira beste egoera batean dauden herriak. Arabako Errioxan, adibidez, Guardiaren kasua guztiz desberdina da: turismoarekiko dependentzia handia dago, eta herrian egindako kontsumo hutsak ez du bermatzen bertako merkatariak eta ostalariak aurrera ateratzea.

Instituzioei zer eskatzen diezue?

D.A: Instituzioek askotan denontzako kafearen filosofia jarraitzen dute, eta ez dituzte kontuan hartzen berezko ezaugarriak. Aurrean aipatu bezala, udalerrien arabera egoerak oso desberdinak izan daitezke, baina baita sektorearen arabera ere. Ez da berdina fruta denda bat edo arropa denda bat. Negozio bakoitzaren egoera kontutan hartu behar da, modu logiko eta arrazional batean lagundu ahal izateko. Horregatik instituzioei eskatuko nieke merkatari eta ostalariekin zuzenean biltzeko, ideiak batu eta, horren arabera, erabakirik onenak hartu ahal izateko. Bestetik, eta urtearen amaieran gaudenez, askotan aurrekontuak bukatzen ari dira, eta datorren urterako aurreikusita zeuden partidekin jokatu behar da. Lehen olatuan, ezustean harrapatu arren, diru gehiago zegoen laguntzetarako. Egoera zaurgarriagoa da oraingoa.

T.U: Beharrezkoa da tokian tokiko arreta hori. Esango nuke laguntza horiek hiri handiak buruan edukita pentsatuta daudela. Adibidez, alokairuak ordaintzeko laguntzak martxan jarri dira, baina herri txikietan jende gehienak lokal propioak ditu. Eredu desberdinak dira. Horregatik instituzioei elkarlan gehiago eta gure eskariei irekita egoteko eskatuko nieke. Eta, bestetik, prozesuak erraztea, askotan burokrazia gehiegi dagoelako.

"Saltoki handiak, internet bidezko erosketak... horiek dira ditugun arazorik handiena"

Nola ikusten duzue etorkizuna?

D.A. Egoerak hainbat aldaketa ekarri ditu, halabeharrez. Modu batean edo bestean, saltoki askok euren kabuz nolabaiteko digitalizazioa egin behar izan dute. Alarma egoera ezarri eta hurrengo astelehenean, denda askotan telefono edo whatsapp bidezko eskariak hartzen hasi ziren, erosketak etxera eramateko. Askok ohitura horri eutsi diote. Esfortzu gehigarria da merkatarientzat, noski, baina bezeroak pozik daude zerbitzuarekin. Eta ez soilik adinduen edo mugitzeko ezintasuna duten lagunen kasuan, bestelako egoerak ere izaten direlako etxeetan.

T. U.: Pandemiari dagokionez, ni baikorra naiz, hau koiunturala da eta. Agian udaberrirako gauzak normaltzen hasiko dira. Larriagoa iruditzen zait aurretik daukagun arazo estruktural hori: Gasteiz eta saltoki handiak hain gertu edukitzea, biztanleria gutxi izatea, internet bidezko erosketak… horiek dira ditugun arazorik handienak.

Gabonetarako neurri berriak hartu ditu Jaurlaritzak. Zer iritzi duzue?

T. U.: Gabonak baino lehen irekitzeko erabaki berriarekin pozik gaude, baina ordutegia eskasa da. Arratsaldean gehiago luza zitekeen. Gure ustez, neurri horiek mesedegarriak izan daitezke tokiko merkataritzarentzat, eta pixkanaka normaltasunera itzultzea errazten du. Hala ere, sektoreari zuzeneko laguntza gehiago eman behar zaizkio egoera horrek dakartzan gastu ekonomikoak ordaintzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago