Langarikako 5. zenbakiko "etxekide gazteak" kaleratzeko arriskuan daude. Herriarekin hitz egin eta gehiengoaren babesa jaso ostean, abuztuan sartu ziren hogei urte hutsik zeraman etxean Lautadako zein Gasteizko hainbat gazte. Eraikina txukundu zuten, bizitzeko moduan uzteko. Lau hilabete geroago, azaroaren hasieran, apezpikuaren salaketa jaso zuten, eta abenduan epaiketa izan zuten; epaiaren zain daude orain.
Egoera horren aurrean, Langarikako herritarrek gazteen aldeko sinadura bilketa hasi dute. Kaleratutako oharrean "alde guztien arteko elkarrizketa" martxan jartzearen alde agertu dira, "guztiontzako onuragarria izango den akordio batera heldu ahal izateko".
Erabilera soziala
Besteak beste, gogorarazi dute landa eremuko populazioa zahartzen ari dela eta gazteek aurrera eraman nahi duten proiektuak "arnas berria" ekar dezakeela. Horrekin lotuta, azaldu dute, bere garaian, Langarikako herritarrek etxe hori egin zedin "lurrak utzi eta dirua, lan indarra eraikuntzarako materiala" jarri bazuten, eraikin honek helburu soziala eduki zezan izan zela, eta bizilagun berriek erabilera soziala eman nahi diotela.
Gaineratu dute etxea garbitu eta konpondu dutela, "lan mardula eginez", eta ez dutela inolako istilurik sortu: "Aitzitik, herrian parte hartu eta auzolanean aritzeko jarrera sendoa agertu dute".
Ildo beretik, gazteek beste idatzi bat zabaldu dute bere egoeraren berri emateko.