Hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiekin proba pilotuak egin dituzte Lautadan

Erredakzioa 2020ko aza. 30a, 16:37

Bikoteetan eta lagun taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko Eusle eta Ulerrizketa metodologiekin ikerketa egiten ari dira Soziolinguistika Klusterra eta Lautadako Euskararen Komunitatea.

Soziolinguistika Klusterrak, Pello Jauregi irakaslearen zuzendaritzapean, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko metodologiak sortu ditu 2010etik, Aldahitz proiektuaren bitartez. Metodologia horiek lan munduaren testuinguruan sortu eta probatu izan dira batez ere, baina azken urteetan beste testuinguru batzuetara egokitzeko proba pilotuak ere martxan jarri dira.

2020ko udaberritik, Soziolinguistika Klusterra eta Arabako Lautadako Euskararen Komunitatea elkarlanean ari dira hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiak harreman afektiboetan ere baliatzeko. Alde batetik, hiru lagun talde edo koadrilatan Eusle metodologia praktikan jarri dute; bestetik, Lautadako herrietako bost bikotek Ulerrizketa metodologia baliatu dute.

Irailean zehar, lagun talde zein bikote horiek aipatutako metodologietan zehaztutako rolak baliatzeko beharrezko azalpenak eta formakuntza jaso zituzten, Pello Jauregiren eskutik. Baldintzak ongi ezagutu eta gero, proba pilotu batean parte hartu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina egiteko erabakia hartu zuten.

Ondoren, zortzi astetan zehar, praktikan jarri dute adostutakoa. Soziolinguistika Klusterra arduratu da esperientziaren jarraipenaz eta prozesu osoan zehar datuak biltzeaz.

Emaitzak udaberrian

Orain arte bildutakoak eta hiru hilabete pasa ostean esperientziak utzitakoa ezagutzeko egingo den azken datu-bilketarekin, proba pilotu horien emaitzak 2021eko udaberrian izatea aurreikusi dute Soziolinguistika Klusterrak eta Lautadako Euskararen Komunitateak. Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Lautadako Kuadrillaren finantziazioa izan du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago