Lautadan eskualdeko garraioko bost linea jarriko dituzte martxan

Erredakzioa 2020ko aza. 30a, 14:12
Eskualdeko garraioa bihar iritsiko da Arabako Lautadara. / AFA

Astearte honetan jarriko da martxan eskualdeko garraioa Arabako Lautadan, herrigune txikiak eta erreferentziazko herriguneak erregulartasunez lotzeko helburuarekin. Bost lineek emango dute zerbitzua, lanegunetan eta asteburuetan.

Abenduaren 1etik aurrera, eskualdeko garraioa martxan jarriko da Lautadan, landa herrigune txikiak eta garraioa, osasungintza, hezkuntza, kirol instalazioak, merkataritza eta udal administrazioa bezalako oinarrizko zerbitzuak kokatzen diren herriak erregulartasunez lotzeko. Bost linea izango dira martxan, lanegunetan eta asteburuetan zerbitzua emateko.

Arabako Lautadako Kuadrillan eskualdeko garraioak izango dituen linea berrien ibilbideak eta maiztasunak azaldu dituzte Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu Blanca de la Peñak eta Mugikortasuneko zuzendari Patricia Perezek. Eredu berri horrek eskariaren araberako garraioa ordezkatuko du. Gainera, azken egunetan, Mugikortasunaren Sailak Lautadako landa herriguneetako biztanleen postontzietan banatu ditu ibilbideak, ordutegiak eta bost linea berriei buruzko informazio praktikoa biltzen duten liburuxkak.

Lautadako linea horiek martxan jartzen direnean, eskualdeko garraioa Arabako eskualde guztietan ezarrita geratuko da, eta Aiaraldeko Artziniega eremuari dagokion lotearen esleipena bakarrik faltako da.

"Hemendik aurrera, herri horietan bizi direnak osasun eta hezkuntza zentroetara iritsi ahal izango dira foru garraio publikoari esker, baita farmazietara, merkataritza establezimenduetara, jatetxeetara, kultura jardueretara, kirol instalazioetara, udal administraziora eta beste garraiobide publiko batzuetara ere", azaldu du De la Peñak.

Bost linea

Eskualdeko garraioko bost linea jarriko dira abian:

  • 7. lineak (Dulantzi-Burgelu-Azilu) honako herri hauei emango die zerbitzua: Elgea, Marieta, Matura, Mendixur, Gebara, Etura, Audika, Deredia, Dallo, Arrieta, Etxabarri Urtupiña, Arbulu, Argomaiz, Gazeta, Añua, Trokoniz, Ixona, Egileta, Erentxun eta Azilu. Herri horiek Dulantzirekin, Ozetarekin eta Burgurekin lotzeko 13 bidai izango dira lanegunetan eta 7 edo 8 asteburuetan.
  • 8A lineak (Dulantzi-Agurain) honako herri hauek lotuko ditu Dulantzirekin eta Agurainekin: Erdoña, Alaitza, Gazeo, Ezkerekotxa, Txintxetru, Gereñu, Jauregi, Uribarri-Jauregi, Adana eta Azilu. 7 bidai izango dira astegunetan eta 3 edo 4 asteburuetan zein jaiegunetan.
  • 8B linea (Agurain-Ozeta), aldiz, honako herri hauetatik pasako da: Etxabarri Urtupiña, Audika, Etura, Gebara, Mendixur, Matura, Marieta-Larrintzar, Elgea, Ozeta, Hermua, Larrea, Axpuru, Narbaxa, Zuhatzola, Deredia, Dallo, Arrieta, Erdoña eta Agurain. 6 bidai izango dira lanegunetan, eta 5 asteburuetan.
  • 9A lineak (Agurain-Gordoa-Araia) honako herri hauek lotuko ditu Agurainekin eta Araiarekin: Ametzaga Asparrena, Zalduondo, Galarreta, Gordoa, Arriola, Narbaxa, Luzuriaga, Erdoña eta Zuhatzu Donemiliaga. Astegunetan 5 bidai izango dira eta asteburuetan zein jaiegunetan 3.
  • 9B linea (Agurain-Durruma-Araia) honako herri hauetatik pasako da: Ametzaga Asparrena, Albeiz, Ilarduia, Egino, Andoin, Ibarguren, Urabain, Durruma Donemiliaga, Egilatz, Bikuña, Mezkia, Munain, Okariz, Opakua, Arrizala, Alangua, Egileor, Zuhatzu Donemiliaga, Luzuriaga eta Erdoña. 7 bidai izango dira astegunetan, eta asteburu zein jaiegunetan, berriz, 5.

Berritasun ugari

Aste honetatik aurrera, beraz, Lautadako herri txikietako bizilagunek eskualdeko garraioa erabili ahal izango dute, eta eskariaren araberako garraioarekin alderatuta eredu berriak dituen berritasunak nabarmendu ditu Arabako Foru Aldundiak.

Alde batetik, erreferentziazko herriekiko zuzeneko lotura izango da: eskaeraren araberako garraioak bizitokitik hurbilen zegoen Alavabuseko geltokira eramaten zituen erabiltzaileak; eskualdeko garraioak, berriz, oinarrizko zerbitzuak dituen erreferentziazko herrira eramango ditu.

Beste berrikuntzetako bat da zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan ere emango dela; hau da, eskualdeko garraioak urteko egun guztietan funtzionatuko du, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik. Orain arte, larunbatetan soilik 15:00ak arte ematen zen zerbitzua, eta igandetan zein jaiegunetan ez zuen lanik egiten.

Gainera, Lautadako herritarrek BAT txartela erabiliz ordaindu ahal izango dutela eskualdeko garraioa, eta %32ko deskontua izango dute, ohiko txartelarekin alderatuta. 65 urtetik gorakoentzako, ezinduentzako eta familia ugarientzako hobari bereziak ere aplikatuko dira. BAT txartelarekin ordainduta, prezioa 1,70 eurokoa izango da.

Plazen erreserba

Hala ere, orain arte bezala, plaza aldez aurretik erreserbatzeko beharra mantenduko da, eta ibilgailua eskaera egiaztatuta dagoen ibilbideko herrietan soilik geldituko da. Erreserbak bidaiaren aurreko eguneko 20:00ak arte egin daitezke, 945 182 060 telefonoan eta Alavabus webgunean. Telefono zentrala 7:30etik 20:00etara egongo da erabilgarri astelehenetik ostiralera, eta 8:00etatik 15:00etara larunbatetan; webgunea, berriz, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan izango da martxan.

Zerbitzua egunero edo astero erabili behar duten erabiltzaileek adibidez, ikastetxera joateko edo kirola egiteko hilabeteko erreserba egiteko aukera izango dute, eta ez da beharrezkoa izango egunero edo astero egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide