Ajuria fabrika zaharraren inguruko paisaia berreskuratzeko lanetan dabil Asparrena, eta bertan geratzen zen zuntz-zementuaren hondakin guztiak kendu ditu dagoeneko. Fabrika zaharra, beraz, nabarmen aldatu da, eta, une honetan, burdinazko hezurdura bat baino ez du.
Aurreko fase batean, zero kotan zeuden hondakin arriskutsu guztiak kendu zituzten, eta, orain, material hori teilatutik kendu da. Bigarren fase honetan, guztira, 101.270 euro inbertitu ditu Asparreneko Udalak, eta 130 bat tona fibrozementu kendu dira.
Aurrekontuaren %80 Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzen bidez iritsi da, eta lan zehatz hori Udalak abian jarritako Paisaiaren Ekintza Planaren barruan sartzen da. Plan horren helburua industria-aurrien balioa nabarmentzea da; Udalak aurri horien "balio arkitektoniko eta historiko handia" azpimarratu du, eremu naturalean kokatuta egotearekin batera. Izan ere, besteak beste, Aizkorri-Aratz parke naturalera joaten diren mendizaleentzako erreferentzia eta abiapuntu da fabrika zaharra.
Asparreneko Udalak sustatutako lanen hurrengo urratsa ikaztegi zaharretako eraikinen fibrozementua kentzea izango da.
Lurzoruaren kalitatearen adierazpena
Horregatik, 2016ko urrian, "lurzoruaren kalitatearen esplorazio-ikerketa eta Ajuria y Urigoitia, S.A. enpresaren instalazio zaharren industria-aurriaren azterketa" kontratatu zituen Asparreneko Udalak. Azterlan horretan, kutsagarriak edo arriskutsuak izan zitezkeen hondakinak eta egiturak identifikatu ziren.
"Jarduera horiek guztiak ezinbestekoak dira lurzoruaren kalitatearen adierazpena lortzeko, kokalekuari erabilera berri bat eman ahal izateko, eremuaren garapen iraunkorrarekin eta gizarte zein kultura garapenarekin bat etorriz", azaldu du Udalak.
Natura 2000 Sarearen eremuan
Ajuria y Urigoitia fabrikaren aurria Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barruan dago, eta, aldi berean, Natura 2000 Sarearen eremuaren barruan, Garrantzia Komunitarioko Leku (GKL) eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa. Fabrikaren inguruak 27 hektarea inguru hartzen ditu, eta Zirauntza ibaiaren sorreraren eragin-eremua hartzen du.