"Iberiera: hain ondoan dagoen eta hain urrun dagoen hizkuntza. Ondoan? Etxean bertan dugu", dio Euskeraren Jatorria Elkarteak. Izan ere, iberieraz idatzitako hainbat testu agertu dira Euskal Herrian: Mendigorrin, Erriberrin, herri askotan topatutako txanponetan —besteak beste, K.a. I. eta II. mendeetako Barskunes txanpon etxean—, Iruña-Veleiako hainbat zeinutan, Errioxan...
"Iberiera ez da soilik iberiar penintsulako hizkuntza, askotan horrela uste den arren. Testu iberiarrak Kanariar uharteetatik Akitaniaraino topatu dira; hau da, oso eremu zabalean erabili izan zen. Eta Euskal Herria Iberia eta Akitania esparru horren erdi-erdian dugu. Kasualitatea?", azaldu dute.
Elkartearen arabera, bi hizkuntzen arteko loturak "gero eta ageriago" geratzen ari dira. Adibidez, bi zenbaki sistemek jatorri berbera dutela "frogatuta" dagoela uste dute: iberieraz, ban, bi/bin, irur, laur, borste/bors, sei, sisbi, sorse, abar eta orkei dira lehenengo hamaika zenbakiak.
Hala ere, "Euskal Hizkuntzalaritza ofizialak iberieraren aurrean hartu duen jarrera" deitoratu du Euskararen Jatorria Elkarteak: "Iruña-Veleiarekin, euskalduntze berantiarrarekin edo Soriako hilarrien altxorrarekin hartu duen berbera izan da: gezurrak esan, balioa kendu, ostrukarena egin..."; izan ere, zenbait akademikoren arabera, iberieraren eta euskararen zenbakien artean "ez dago loturarik".
"Gainerako mundu akademikoak eta Euskaltzaindiak astakeri berri horren aurrean mutu jarraitzen dute, jadanik harritzen ez gaituena", salatu dute.
Biltzarra: Euskaldunok eta iberiera
Urriaren 17an, Euskararen Jatorriaren 14. Biltzarra antolatu dute Eginon, Euskaldunok eta iberiera izenburupean. Helburua "bi hizkuntzen arteko loturak hobeto ezagutzea" izango da, eta antolatzaileek "euskaldunok iberiera argitzeko dugun erantzukizuna" nabarmendu dute.
Aurrez aurre parte hartzeko izena eman nahi duten lagunek 40 euro ordaindu beharko dituzte —bazkaria eta liburuxka barne—. Argitu dutenez, aretoa handia da eta partaideen arteko distantzia mantentzeko aukera egongo da. Elkartearekin harremanetan jartzeko edota zalantzak argitzeko, euskerarenjatorria@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.
Larunbatean joan ezin diren pertsonentzat, hitzaldi guztiak online ikusteko aukera egongo da urriaren 20tik abenduraren 31ra; kasu honetan, 20 euro ordaindu beharko dira.
Egitaraua
- 9:30 Harrera, akreditazioa eta liburuen erakusketa.
- 9:45 Agurra eta Biltzarraren aurkezpena.
- 10:00 Jaime Albillos Arnaiz oroimenean.
- 10:15 Carme Jimenez Huertas (bideoz): Hurbilpen bat idazkera iberiarrera. Zergatik ez da deszifratu? Proposamen metodologikoa.
- 10:45 Inizituak ikerketa taldea: Can Rodon de L'Horteko tortzela.
- 11:30 Atsedenaldia.
- 12:00 Antoni Jaquemot Ballarin (bideoz): Iberierazko zenbakien izenek iberoeuskal teoria biziberritzen dute.
- 12:30 Josu Naberan Naberan: Euskera Dantzara Iberiera euskeraren arabera.
- 13:15 Antonio Arnaiz Villena: Euskaldunen baskoiberismoaren aldeko borroka luzea denboran zehar.
- 14:00 Bazkaria.
- 16:00 Mahai ingurua: Euskaldunok eta iberiera.
- 17:00 Patxi Alaña Arrinda: Iberiera Euskal Herrian Azkona eta Arnaizen lanetan oinarrituta.
- 17:30 Jesus Gonzalez Artabe eta Marianne van der Sluys Tiserant: Saharako hizkuntza berdea.
- 18:00 Iosu Urrexola Atxa: Zaratatik hitzera egindako bidea.
- 18:30 Xabier Renteria Uriarte: Krutwing, Garaldea, euskera eta guantxera.
- 19:00 Gontzal Fontaneda: Iruña-Veleia: lehen, orain eta gero.
- 19:30 Biltzarraren amaiera.