Arabako Lautadako Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak (Lautada Bizirik ACICSA) Sorgin Gauak beldurrezko jaialdia antolatuko du berriz ere —hirugarren edizioa izango da—, hainbat kontzertu eta antzerkirekin urriko asteburuei "bultzada bat" emateko. "Batetik, eskualdeko jendeari gozatzeko aukera eman nahi zaio, eta, bestetik, tokiko kultura sustatu", azaldu dute antolatzaileek.
Egitasmoak 60 merkataritza eta ostalaritza establezimendu baino gehiago biltzen ditu. Urriaren 16tik 31ra bitartean, Agurain, Dulantzi, Araia eta Larreako arratsalde-gauak dinamizatzeko helburua izango du, eta era guztietako pertsonaia beldurgarriek hartuko dituzte kaleak. Ikuskizunak ostiraletan eta larunbatetan izango dira: magia, dantza, musika eta antzerki emanaldiak izango dira.
"Ez da Halloween ospakizuna, Euskal Herrian tradizio handia duten sorgin eta akelarreen gauak baizik", azpimarratu du Lautada Bizirik elkarteak. Ekitaldi guztietan pertsonen arteko distantziak mantenduko dira, eskuak garbituko dira eta edukiera mugatuko da. Antolatzaileek ezarritako neurriak betetzeko eskatu diote publikoari.
Deabru Beltzak
Ostiralean, hilaren 16an, Deabru Beltzak konpainiak izango du jaialdiari hasiera emateko ardura, Su à feu ikuskizunarekin. Etorkizuneko pertsonaia bitxiek Aguraingo Kale Nagusia inbadituko dute, eta erritual modernoek eguneroko bizitzako keinuak txertatuko dituzte, munduko hainbat tokitako erritmoekin eta su primitiboarekin. Erritmo eta argi festa, bizia, magikoa eta magnetikoa; danbor, dantza eta suarekin.
Hamaika ekitaldi
Ondoren, hilaren 17an —larunbata—, Dulantziren txanda izango da. 20:00etan hasiko da Gau belduROCKgarria, Somos Humus taldearen eskutik; kontzertuarekin batera, sorginez mozorrotzen diren lagunentzat sari banaketa egingo da.
Clown magia absurduak ere lekua izango du aurtengo jaialdiaren egitarauan. Izan ere, Concede Clown taldeak Tachan-Tachan 2.0. mikroantzerkia eskainiko du Agurainen. Pailazokeriaz jositako magia zenbakien popurria da, eta urriaren 23an —ostirala— aurkeztuko dute: 19:30ean Jai-Alai kafetegian; 20:30ean Mendibil tabernan; eta 21:30ean Entzia tabernan.
Hurrengo larunbatean, hilak 24, Beriba Sanba Eskolaren Thriller-Batukada ikuskizunak Agurain girotuko du. DanaOna Jatetxea —20:00etan—, Ibaia Garagardotegia —20:30ean—, El Gordo Jatetxea —21:00etan— eta Pub Kaskazuri —21:30ean—tabernetako terrazak bisitatuko ditu.
Azkenaurreko egunean, urriaren 30ean —ostirala—, Jeiki Dantza Taldea eta D'Albeniz berriro batuko dira, Iluntasunean argi argitaragabeko magia eta dantza ikuskizunarekin harritzeko; 20:30ean izango da, Aguraingo Euskal Herria Plazan.
Gau Beltza
Urriaren 31n ospatuko da Gau Beltza edo Arimen Gaua, eta, horretarako, bi antzezlanen emanaldi bikoitzak antolatu dituzte Araian eta Larrean.
Alde batetik, El Mono Habitado arabar konpainiak Sr. Canino, una perrosona como otra cualquiera aurkeztuko du: 16:30ean izango dira Araiako Marutegi baserrian, eta 17:40ean Larreako Aldaia jatetxean. Canino jauna oso pertsonaia berezia da, txakur bihurtu dela aitortu eta bere esperientziaz hitz egiten duen gizona. Batzuetan modu jostagarrian, eta beste batzuetan era sarkastikoan.
Bestalde, Benditas, todo viene del cielo obraren zati bat eskainiko da Araiako establezimendutan antolatutako bi pasetan: 19:30ean Umandi jatetxean, eta 20:30ean Kuttuna kafetegian. Lan honetan, bi artzain errugabek liskar bat izango dute zerutik sortzen denarekin.