Saskian dator aldaketa

Anakoz Amenabar 2020ko urr. 3a, 10:00

Astean hiru eguneta irekitzen dute boluntarioek denda. / LEK

Hizkuntza ohiturak eta kontsumitzeko ohiturak aldatzeko helburuarekin heldu zen joan den udan Ekonomatoa Agurain erdialdera, eta dagoeneko 200 bat lagunek egin dute bat egitasmoarekin.

Egitasmoak eten edo bertan behera geratzen diren garai hauetan, bada pozteko albiste bat Agurain aldean. Ekonomato bat ireki zuten uztailean Kale Nagusian, eta gero eta gehiago dira egitasmora batzen ari direnak. Izan ere, ez da ohiko denda bat; Lautadako Euskararen Komunitateak abian jarritako proiektua da, hizkuntza-ohiturak euskarara eramateko helburuarekin prestatutako gunea, 200 bat bazkide dituena dagoeneko.

Helburuak betetzen ari dira, Asier Lafuente Lautadako Euskararen Komunitateko kideak azaldu moduan. Horien artean nagusia hizkuntza ohituretan eragitea. Astean hiru egunetan zabalik den dendan –astearte, ostegun eta larunbatetan– hainbat boluntariok egiten dituzte saltzaile lanak, eta irizpide jakin batzuen arabera dituzte salerosketa harremanak eroslearekin. Bezeroek euskaraz ulertu eta hitz egiten baldin badute, ohiko elkarrizketak euskaraz izango dira. Euskara ulertu bai, baina ohituragatik edo hitz egiteko gai ez direlako egiten ez dutenei ere euskaraz egingo diete boluntarioek. "Zailtasunez ulertzen dutenekin euskara egokitu beharko dute saltzaileek: esaldi motzak, aditz errazak, mantsoago...", azaldu du Lafuentek. "Eta erdaldunak direnekin ere gutxieneko elkarrizketa euskaraz izango da; haiek ere badakite, eta prest daude dendara etortzen direnean".

 

Produktu freskoak jasotzeko eskaera egin daiteke astero. / LEK

Tresna horiekin hizkuntza portaerak aldatzeko helburua betetzen doa, baina ez da ekonomatoak duen xede bakarra. Besteak beste, Lautadako produktuek dute lehentasuna, eta Euskal Herriko beste produktu batzuekin osatu dituzte apalategiak; horien artean, produktu ekologikoei ere lehentasuna eman diete.  "Balore etikoetan ekoiztuak eta nekazaritza ez-produktibistan oinarritutako produktuak" eskaintzen dituzte, ekologiko ziurtagiria dutenak edo gabe. Lautadako barazkiak, eztia, irinak, fruitu lehorrak, ogia, lekaleak, gaztak, kontserbak, arrautzak, hestebeteak, pattarrak, belarrak… nahi beste aurki daiteke bertan, baita artisautza, garbiketa eta kosmetika produktuak ere. Gainera, produktu fresko batzuen eskaera egin daiteke, eta ostegunetan jaso.

Ekonomatoan ekoizleen lana nabarmendu nahi dute, eta horregatik zuzena da eurekin harremana. "Haiek zehazten dute jaso nahi duten diru-saria, eta ekonomatoak ehuneko zehatz batzuk aplikatzen dizkie ekoizleek jarritako prezioei", azaldu du Lafuentek. "Dendarekin ez dugu irabazi asmorik, baina ekonomatuaren gastuei aurre egin nahi diegu, eta irabazirik izatekotan Lautadako Euskararen Komunitatearen egitasmoak fi nantzatuko ditugu".

Aldaketa, taldean

Auzolanean osatu dute egitasmoa, eta bertan izena emateko ere modu kolektiboan egitea proposatu diete kideei, talde txikietan ahal izanez gero. "Gure helburu nagusia hizkuntza-ohiturak aldatzea da, eta horiek beti modu kolektiboan aldatzen dira, horregatik proposatu diogu jendeari era honetan egitea", azaldu du Lafuentek. Komunitateari buruzko argibide guztiak lautadaneuskaraz.eus webgunean jaso dituzte, ekonomatoan izena emateko esku-orriarekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago