Gizon bat hil da Gereñun, bizikletatik erori ostean

Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 17:30
A-3110 errepidearen Gereñuko irteera, Agurainerako norabidean. / GOOGLE MAPS

Oraindik identifikatu ez duten gizonezko bat bizikletatik erori eta hil egin da A-3110 errepidean, Gereñun. Une honetan, ez da argitu biktima erorikoaren ondorioz hil den ala ondoezik izan ote duen.

Asteleheneko 12:15ak aldera, 112 zenbakira (SOS Deiak) egindako dei batek jakinarazi du txirrindulari bat lurrean zegoela, bere ibilgailuaren ondoan, ez zela mugitzen, eta ez ziola inolako estimuluri erantzuten.

Deitu duen pertsonak azaldu du gizonezkoa A-3110 errepidean, Gereñuko irteeran eta Agurainerako norabidean zegoela. SOS-Deiak zerbitzuak gertaeraren berri izan duenean, anbulantzia medikalizatu bat eta Osakidetzako ZIU mugikor bat bidali ditu; horrez gain, Ertzaintzari abisua eman dio, beharrezko dotazioak bidaltzeko.

Larrialdietako taldeak iritsi direnean, Ertzaintza bidea mozten ari zen, euren lana egin zezaten. Osasun langileek biktima suspertzen saiatu diren arren, heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin. Oraingoz, ez dute biktima identifikatu, eta heriotzaren arrazoiak ere ikertzen ari dira.

Une honetan, A-3110 errepidea irekita dago, baina baliteke lan zehatzak egiteko unean uneko mozketak egotea egunean zehar.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide