Koronabirusa

Dulantzik ere bertan behera utzi ditu jaiak

Erredakzioa 2020ko ira. 10a, 17:49

2019ko Dulantziko jaietako irudi bat. / ALEGRIA-DULANTZI

Ostiraletik aurrera ospatzekoak ziren Aiarako Andre Maria zaindariaren omenezko Dulantziko jaiak ofizialki bertan behera uztea erabaki du Udaleko osoko bilkurak.

Dulantziko Udalak bando batean jakinarazi du erabakia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jaietarako edo ekitaldietarako programa ofizialak egitea saihesteko eman dituen gomendioetan oinarrituta. Osoko bilkurak hartu du erabakia: ostiral honetan hasi eta irailaren 20ra arte ospatzekoak ziren jaiak bertan behera uztea.

"Erabaki mingotsa" izan dela onartu du Dulantziko Udalak, "baina aldi berean zentzuduna" dela deritzo. "Erantzukizunez, pertsonen kontzentrazio ez-kontrolatu batek eragin lezakeen kutsatze-arruskuaren aurrean, herritarren segurtasuna eta osasuna lehenetsi" nahi izan dute.

"Pandemiaren ondorioak erabat gainditu ez direla eta aisialdiari lotutako azken berragerraldiak kontuan izanik, gure ustez une honetan erabakirik logikoena da", adierazi du Udalak bandoan. Gainera, herritarrei laguntzeko eskatu die, osasuna arriskuan jartzen duten kontzentrazioak gerta ez daitezen.

Bandoaren azken esaldiak bat egiten du Arabako udalerri gehienek hartutako erabakiarekin: "Jaiak itxaron egin beharko du. Aurten ez da tokatzen, ezta Dulantzin ere".

Udalaren bandoak irailaren 6an hartutako erabakiaren berri eman du. / ALEGRIA-DULANTZI

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago