Etxeko sagar zukua egiteko sasoia hasi da Barrundian, protokolo eta txandekin

Erredakzioa 2020ko abu. 31a, 13:09
Aurten ere, etxeko sagar zukua egin ahal izango dute Ozaetako gunean. / OKT

Barrundiak azaroaren 7ra arte luzatuko den sagar zukuaren kanpainari ekin dio. Sagarra zukutzeko Ozaetako faktorian protokolo bat eta txanda bidezko sistema ezarri dute, segurtasuna bermatzeko.

Gizartearen arlo guztietan gertatzen ari den bezala, Covid-19aren pandemiak eragin handia izan du Barrundiako sagar zukuaren kanpainan. Bi aukera zituzten: sasoia bertan behera uztea ala aurrera egitea, "gauzak ahalik eta txukunen" egiten.

Sagar zukuaren kanpainak urteotan zehar Barrundian bereganatu duen garrantzia dela eta, egoera berezira egokitu eta aurrera egitea erabaki dute: "Aurtengoa ez da berdina izango, baina izango da", azaldu dute.

Txanda eskaerak

Aurten txanda hartzeko zukuona@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute sagar zukua egin nahi duten herritarrek; baina Barrundiako OKT Ekonomatoan ere izena emateko aukera egongo da, paper bidez. Telefonoa bakarrik premiazko kasuetan erabiltzea eskatu dute.

Gutxienez astebeteko aurrerapenez eskatu beharko da txanda: eguna eta ordua proposatzeaz gain, izena, herria, telefonoa, sagar kopurua eta botila kopurua azaldu beharko dira; ondoren, arduradunak emailez edo telefonoz jarriko dira harremanetan, txanda konfirmatzeko. Barrundiarrek eta OKTko bazkideek lehentasuna izango dute.

Ekonomatua abuztuaren 31tik azaroaren 7ra arte -astelehenetik ostiralera goizez eta arratsaldez, eta larunbatetan goizez bakarrik- egongo da sagar zukua egiteko txanda eskatzeko aukera.

Segurtasun protokoloa

Horrez gain, txanda egingo duten herritarrek protokolo bat jarraitu beharko dute:

  • Gehienez bi pertsona egongo dira txanda bakoitzean.
  • Musukoa eta eskularruak norberak eraman beharko ditu etxetik.
  • Segurtasun distantzia, ahal dela, errespetatu beharko da.
  • Bertako langilearen oharrei eta esanei kasu egitea, bereziki garbiketari dagokionez.

Printzipioz, inork ezin izango du bi txanda baino gehiago egin; beraz, ahal dela, erabiltzaileek dituzten sagar guztiak batera eramatea eskatu dute Ekonomatoko arduradunek.

Prezioak

Aurreko urteko prezioa mantenduko dira 2020ko kanpainan: euro bat litro zuku bakoitzeko (70 zentimo botilarik gabe), eta Ekonomatorako utzitako litro bakoitza 2 eurotan ordainduko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide