Arabako Foru Aldundiak Dulantziko ur biltegi berria eraikitzen amaitu du aste honetan, eta betetzat jo du Arabako Hornidura eta Saneamendu Plan Zuzentzailea; izan ere, obra hori lehentasunezkotzat jo zuen horniduraren arloan lurraldeak zituen beharrizanen artean.
774.400 euroko inbertsioa eginda, azpiegitura hidrauliko berriak dagoeneko eraitsita dagoen biltegi zaharraren segurtasun arazoak konpondu eta edateko ura bermatuko die Dulantziko biztanleei, Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak eta Irma Basterra Lurralde Orekaren Saileko foru diputatuak ur andel berriaren inaugurazioan azaldu duenez.
Dulantziko herriguneko edateko uraren lehengo andela 80. hamarkadan eraiki zen, hormigoi postesatuaren bidez eta preload sistema oinarri.
Andelaren egoera aztertzeko, egituren patologian aditua den enpresa batek gaur egungo egoera aztertu eta diagnostikoa egin zuen. Konpondu edo, bestela, eraitsi egin behar zela ondorioztatu zuen. Hori dela eta, segurtasun handiagoa bermatzearren eta errentagarritasun handiagoa lortzearren, aldundiak lehengo biltegia eraistea eta beste bat eraikitzea erabaki zuen.
3.000 metro kubo
Dulantziko andel berriak 3.000 metro kuboko edukiera du, eta 6.000 biztanle urez hornitu ditzake. Gainera, udalerrian egon daitezkeen hirigintza eta industria hazkundeak izan dituzte kontuan, baita balizko suteetarako erreserba ere.
Era berean, bi ontzi independenterekin eraiki da, eta horri esker errazagoa izango da mantentze lanak egitea. Izan ere, ez da beharrezkoa izango hura hustea eta haren hornidura etetea mantentzeko edo garbitzeko.
Beste preload andel batzuk
Dulantzikoa ez zen preload egitura oinarri eraikitako andel zahar bakarra. Foru Aldundiak Oiongo eta Aguraingo andelak ere finantzatu ditu, eta Artziniega eta Guardiako proiektuak idatzi ditu. Halaber, Amvisak antzeko beste bi andel ordeztu zituen Arakan.