Pandemiak Arabako udalerri gehienetako jaiak ezabatu egin ditu 2020an. Aguraingo Udalak astelehen honetan jakinarazi du urriaren 3tik 11ra ospatzekoak ziren azoka eta jaiak eta abuztuaren 15ean zein 29an, hurrenez hurren, ospatzekoak ziren Jasokundeko Ama Birjinaren eta San Joan Lepogabetuaren omenezko jaiak ere etengo direla.
Hala ere, data horien aurreko eta ondorengo asteetan, formatu txikiko kultur ekitaldiak eta jarduerak antolatuko dituzte, betiere jende pilaketarik ez sortzeko. Programazio alternatiboak helburu bikoitza izango du: alde batetik, herritarren aisialdia bermatzea, eta, horrekin batera, Aguraingo ostalaritzaren zein merkataritzaren sektorea dinamizatzea; izan ere, jaiak etetearen erabakiak sektoreari ekar diezazkiokeen ondorioak arindu nahi ditu Udalak.
Erabakia Osasun Sailaren gomendioen dekalogoari jarraituz eta "erantzukizunez" hartu duela azaldu du Aguraingo Udalak. Aguraingo alkate Ernesto Sainz Lancharesek (EAJ) bat egin du iragan astean Gasteizko Udalak proposatutako leloarekin: "Aurten ez da tokatzen, ezta Agurainen ere".
Alkateak azken asteetako berragerraldiak aisiarekin lotutakoak, eta "bereziki gaueko asiarekin" izan direla azpimarratu du. "Denok dugu festarako gogo handia, baina itxaron egin beharko dugu", adierazi du Sainz Lancharesek.
Abuztuko ospakizunak bertan behera gelditu dira guztiz, baina urriko egitarautik Artzain Gazta Lehiaketa Probintzialaren XXXIV. edizioa mantenduko da, "krisiak hainbeste zigortu duen lehen sektoreari egin beharreko keinu gisa"; Agurainen egingo da, jai-esparrutik kanpo, baina oraindik zehaztu gabe daude data eta bestelako xehetasunak.