Arcelor Mittalek Aguraingo Sapem lantegia itxiko du

Erredakzioa 2020ko eka. 30a, 17:18
Arcelor Mittal enpresa taldeko Sapem lantegia Agurainen. / GOOGLE MAPS

Uztailaren 31n itxiko dute Aguraingo Sapem lantegia, eta Arcelor Mittalek 11 langile utziko ditu kalean. ELA sindikatuak erabakia gaitzetsi eta langileak inguruko plantetan birkokatzea eskatu du.

Astelehen honetan, "beranduenez" uztailaren 31n Aguraingo Sapem lantegia behin betiko itxiko duela jakinarazi die zuzendaritzak langileei. Itxieraren ondorioz, 14 langileetatik 11 langabezira joango dira; beste hiru Basauriko lantegian birkokatuko dituzte.

Arcelor Mittalek Aguraingo Sapem lantegiaren itxiera jakinarazi zuenetik sei hilabete baino gehiago igaro dira: "Jakinarazpena ustekabean egin zen, Gabonetan eta inolako justifikaziorik gabe", deitoratu du ELAk.

Pandemia garaian, Arcelor Mittal taldeak estatu mailako aldi baterako lan erregulazio espedientea (ABLEE) aurkeztu zuen; hasiera batean "ezinbesteko kausagatik", baina administrazioak ezezkoa eman zion. Ondoren, "arrazoi objektiboak" argudiatuta, beste ABLEE bat aurkeztu zuen. Espediente hori 2009. urtetik aplikatzen ari zen beste bat ordezkatzera dator, eta azken horrek aurretik zeuden baldintzak "nabarmen okertzen" zituela azaldu du sindikatuak.

ELA sindikatuak kritikatu du itxiera eta kaleratzeak "bizitzen ari garen osasun eta ekonomia krisi betean" iristea. Egoera horren "arduradun bakarra" enpresako zuzendaritza dela azpimarratu dute; sindikatuaren arabera, enpresak ez du negoziatu izan nahi hamar langile horiek gertuko plantetan birkokaktzeko aukera. Izan ere, horretarako gaitasuna duela uste dute langileen ordezkariek.

Sindikatuak erabakia gaitzetsi du: "Argi dago enpresak langileak kalean utzi nahi dituela, eta, are mingarriagoa dena, zaratarik gabe egin nahi duela". Gainera, gertatutakoa enpresaren funtzionamenduaren beste adibide bat dela salatu du ELAk: "Lanpostuen suntsiketa, ABLEE bat indarrean dagoen bitartean".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide