Arreta handiz bilatu behar dira Felipe IV.aren ministro Juan de Larreak Gasteiz inguruan eraiki zuen jauregi errenazentista haren hondakinak, paradore bihurtzeko eginiko hainbat erreformek erabat desitxuratu baitute. XVII. mendeko fatxada zaharra eta, eraikinaren barnealdean, zenbait gela, eskailerak, arkupea eta ganbararen egurrezko sabai ikusgarria soilik gorde dira.
Halaber, egungo Argomaizko paradorearen fatxada nagusian larreatarren armarria ageri da, familiak herrian utzi zuen aztarnaren lekuko. Juan de Larrea Gaztelako Kontseilu Nagusiko ministroa izan zen; Salamancako Unibertsitateko katedraduna eta Ogasun Kontseiluko kidea ere izan zen, eta Santiago Ordenako zalduna. Juan Larrea Enaio semeak ere ardura handiak izan zituen Karlos II.aren gortean, eta Calatravako Ordenako zalduna zein Indietako Kontseiluko kidea izan zen.
Argomaizen bi eraikin izan zituen familiak. Larreatarren dorretxea sute batean desagertu zen, Espainiako gerran, eta familiaren armarria baino ez zen salbatu. Ziur asko XVI. mendearen erdialdean eraiki zuten, eta familiaren jatorrizko etxea izan zen,1903. urtera arte. Urte horretan, Teofila de Agirre Olaetak Larreako dorretxea eta bere artxiboa Ricardo Ustara anaia politikoari saldu zizkion, eta hark, 1915ean, Larreako San Joan Bataiatzailearen Monasterioko karmeldar oinutsen komunitateari saldu zion.
Inbestidura-akordioan sartu zituzten Hondarribiko eta Argomaizko paradoreak.
Larreatarren Jauregia, berriz, 1978tik Turismoko Paradore Nazionala da, antzinako eraikina eraberritu eta egokitu ostean. Gainerako paradoreak bezala, Espainiako Ogasun Ministerioaren Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago Argomaizkoa, eta Turespaña enpresa publikoak Paradores enpresaren bidez kudeatzen du.
2019ko hauteskundeen ostean, EAJren eta PSOEren inbestidura-akordioan sartu zituzten Hondarribiko eta Argomaizko paradoreen eskumena Eusko Jaurlaritzak hartzea. Eskualdaketa horren aurka altxatu dira ahots asko Espainian, alde politikoan zein mediatikoan, tartean PPko ordezkarienak. Izan ere, balio sinboliko handia dute paradoreek, kudeaketa historikoki Estatuari lotuta egon delako.
Gainera, Argomaizko kasuan horrela ez bada ere, Frankismoaren kutunak bilakatu ziren ostatu horiek eta zabalpen handia izan zuten garai horretan. Hala, 60. hamarkadan, Manuel Fraga Turismo eta Informazio ministroa zen urteetan hain zuzen, 40 ostatutik 83ra pasa zen Espainiako estatu osoan.
Gaur egun paradoreen irudia aldatu da, eta lotuta ageri da gehiago eraikin historikoak berreskuratzeko eta berrerabiltzeko asmoekin, eta eliteko turismoarekin. Argomaizko paradorea ez da inoiz nazioarteko turismoaren kutuna izan, baina bisitari ospetsuak jaso ditu, besteak beste Ardanza, Pujol, Urralburu edo Borrell; baita artistak eta idazleak ere.
Populazio gutxi izatetik Burguko herririk populatuena izatera igaro da Argomaiz.
Paradorearekin lotutako jarduera turistikoaz gainera, Argomaizko bizitza ekonomikoa eta soziala hiriburuarekin lotuta dago ia erabat. Gainera, azken urteetan Gasteizko herritar asko jaso ditu herriak, eta oso populazio gutxi izatetik Burgu udalerriko herririk populatuena izatera igaro da. Horrek herriaren dinamizazioan lagundu du.
Herritik bertatik zenbait txango egin daitezke, adibidez bost kilometrora dagoen Estibalizera edo inguruko hiru ermita erromaniko ederrak (Kiltxanoko San Pedro, Aiarako eliza eta Arraraingo San Juan) ezagutzeko ibilbide bat. Bi ordu eta laurdeneko ibilbide hori oso eramangarria da, nahiko laua, Etxabarri Urtupiña herria igarotzean dagoen malda handi bat izan ezik.
Kuadrilla: Lautada
Udalerria: Burgu.
Biztanleak: 183, Eustaten 2019ko datuen arabera.
Bitxikeria: 1808. urteko azaroan Napoleon Larreako jauregian egon zen, Gasteizko borroka prestatzen.