Agur esateko ordua, 46 urteren ostean

Esti Lanao 2020ko mai. 12a, 11:50
Aguraingo San Martin kalean dago Leza burdindenda.

Arabako Lautadan eta Mendialdean ezaguna da Leza burdindegia. Isabel Zabala eta Alfredo Leza izan dira arduradunak 1974tik; orain, jubilazioa gertu du bikoteak, eta egungo egoera sanitarioak behartuta, ateak ixteko erabakia hartu dute.

Isabel Zabalak eta Alfredo Lezak 46 urte pasa dituzte erakusmahaiaren atzean, Aguraingo Leza burdindegiko arduradun. Herriaz gain, Lautada osoko, Mendialdeko eta Gasteizko lagun asko hornitu dituzte mota askotariko tresneriarekin, ia mende erdiz.

Ibilbide hori, hala ere, helmugara iritsi da. Duela hilabete batzuk etorkizunari begirako erabakiak hartzen hasi zen bikotea, kostata, eta negozioa ixteko erabakia hartu zuten azkenean: "Nire senarrak ez zeukan argi; gustora zegoen dendan, eta ez zitzaion gogorra egiten". Baina semeek ere animatuta, momentua iritsi zela ikusi zuten, erretiroa hartzeko adina dutelako, eta egungo krisi sanitarioak hori eragin duelako ere.

Duela 46 urte, 1974an, hartu zuen Isabelek dendaren ardura./I. Zabala.

1974an joan ziren Opakuara bizitzera, eta orduan Agurainen burdindegi bat jartzea pentsatu zuten, herrian -eta inguruan- horrelako askorik ez zegoela aprobetxatuta. Hasieran, ogibidea ia ezagutu gabe hartu zuen ardura Isabelek: "25 urte nituen, eta bakar-bakarrik egon nintzen dendan, bi urtez, aurretik ezer gutxi jakin gabe". Denborarekin, harrera ona izaten ari zirela ikusi zuten, eta batek bakarrik eramateko lana ez zenez, Alfredo ere sartu zen dendan. Hasiera gogorra izan zuten, baina ikasketa prozesu bat bezala ikusi du emakumeak: "Beti gustuko izan dut; nire aitari laguntzen nion kotxeak-eta konpontzen aritu zenean, erremintak eta horrelakoekin, baina denborarekin ikasitako lan bat izan da".

Txikia geratu zitzaien tokia, eta 2001. urtean lokal handiago bat hartu behar izan zuten; gaur egun San Martin kalean dagoena, hain zuzen ere. Ordutik, erantzun ona izan dute, eta bezeroak ia familiakoak bihurtu dira: "Ondo ezagutzen ditugu; herrietan guztia jakiten den bezala, guk ere bakoitzak zer nahi zuen genekien; halabeharrez inplikatu gara". Bizi izandakoarekin oso esker onekoak sentitzen dira biak; jende ulerkorra izan dute ondoan, eta oso modu errezean lan egitea ahalbidetu dietela azaldu dute.

Lautadan erreferente izan da burdindenda./I. Zabala.

Hamarkada asko izan dira erakusmahaiaren atzean, eta aldaketak ikusteko aukera izan dute, salmentetan batez ere: "Lehen etxeak apaintzeko figurak eta horrelako gauzak oso ondo saltzen genituen, ez baitzegoen saltoki handirik; orain, sukaldeko tresnak, baratzak ureztatzeko tutu malguak, bonbilak eta horrelakoak eskatzen dizkigute gehien. Ezberdina da".

Dendaren ateak itxita badaude ere, tresneria guztia oraindik bertan dago, norbaitek erreleboa hartuko duen esperoan: "Alokatzeko papera jarri genuen, norbaitek hartu nahi bazuen; bestela, egoera hau amaitu eta normaltasunera bueltatzen garenean likidazioa egin beharko dugu. Baina orain erabakia hartzea ezinezkoa da, dena oso bat-batean izan delako". 

Opakuan du bizitokia bikoteak./I. Zabala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide