Bikotekideari labana bat lepoan jarri eta haurra zauritzeagatik atxilotua Agurainen

Erredakzioa 2020ko api. 22a, 11:25

Ertzaintzak Aguraingo bizilagun bat atxilotu zuen asteburuan, bikotekideari etxean eraso egiteagatik. Gasteizko epaitegi batek urruntze agindua ezarri dio.

Asteburuan gertatu zen Aguraingo etxebizitza batean, ostiraletik larunbaterako gauean. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, bikoteak eztabaida hasi zuen. Polizia iturrien arabera, gizonak labana bat hartu zuen eta bikotekidea mehatxatu egin zuen; emakumeak arma zuriaren marka bat zuen lepoan, eta bikotearen semea ere zauritu zen.

Emakumearen oihuek bizilagunak ohartarazi zituzten, eta 112 telefonora deitu zuten laguntza eskatzeko. Ertzaintzaren patruilak etxebizitzara joan ziren, eta bertan topatu zuten gizona. Uniformedunei labanarekin mehatxu egitea ere leporatu diote, eta, horregatik, agenteek aurre egin zioten, gizona menderatu arte.

Goizean, guardiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegiaren esku utzi zuten gizona; genero-indarkeriako delitu batengatik auzipetzeaz gain, biktimarengandik urruntzeko agindua ezarri zion.

Salaketa gutxiago alarma egoeran

Alarma egoera ezarri zenetik, genero indarkeriagatik jarritako salaketen kopurua erdira jaitsi da EAEn; baina horrek ez du esan nahi genero indarkeria murriztu denik.

Konfinamenduaren lehen hilabetean 45 salaketa baino gutxiago jarri ziren astero; martxoaren 7tik 13ra bitartean, ordea, 90 salaketa izapidetu ziren.

Arrazoi nagusietako batzuk salaketak formalizatzeko zailtasunak eta erasotzaileek konfinamenduan izan dezaketen kontrol handiagoaren beldurra izan daitezke, besteak beste.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide