250 gramo speed zeramatzan gidari bat atxilotu dute Dulantzin

Erredakzioa 2020ko api. 15a, 17:01
Dulantzi udalerria, airetik ikusita. / AFA

Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Dulantzin, osasun publikoaren aurkako delitu batengatik eta alarma egoeran ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Ibilgailu barruan 250 bat gramo speed aurkitu zituzten.

Atxilotuak hainbat dositan banatuta zeraman speeda; horrez gain, doitasun balantza bat ere atzeman zioten ertzainek, eta bere etxea miatu zutenean, droga-hauts gehiago eta pastillak ere aurkitu zituzten.

13:15ak aldera, lanean ari zen patruila batek auto bat geldiarazi zuen, eta gidaria identifikatu zuen. Orduan, poltsa garden txiki batzuk eta telefono mugikor bat ikusi zituzten kopilotuaren eserlekuan; bitartean, telefonoa jo eta jo ari zela azaldu du Segurtasun Sailak.

Gainera, eserlekuaren azpiko konpartimentu batean, substantzia zuri bat gordetzen zuen plastikozko poltsa bat eta doitasun-balantza bat topatu zituen Ertzaintzak. Autoaren abiadura-palankaren ondoan antzeko edukia zuten beste hiru poltsa txiki zeuden, agenteek aurkitutako tabako pakete batean.

Inplikatuak berak aitortu zuenez, speeda zen; aurkitutako drogak 250 gramo inguru pisatzen zituen guztira. Ondorioz, gizonezkoa atxilotu egin zuten, eta akta abiarazi zioten alarma egoeran ezarritako neurriak ez betetzeagatik.

Beranduago, atxilotuaren etxea miatu zuten Ertzaintzako Txakur Unitatearen laguntzarekin. Hainbat substantzia sorgorgarriren kopuru txikiak eta pastillak aurkitu zituzten bertan, baita 460 euro ere; Ertzaintzaren arabera, estasia eta kristala ziren topatutako substantziak.

Atxilotua asteazken goizean eraman dute epailearen aurrera, dagozkion polizia eginbideak amaitu ostean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide