Ironman lehiaketaren eragozpenak ekiditeko akordioa lortu du Barrundiak

Erredakzioa 2020ko api. 9a, 17:13
Ironman lehiaketaren zati bat Ullibarri-Ganboa urtegian egiten da. / IRONMAN

Barrundiako Udalak alternatibak adostu ditu uztailean ospatuko den Ironman lehiaketaren antolatzaileekin: besteak beste, Gordoatik Ozaetara doan errepidea zabalik egongo da norabide horretan.

Osasun krisiaren ondorioz aldaketarik ez badago, uztailaren 12an Gasteizko Ironman lehiaketa izango da, eta igeriketa lasterketa zein txirrindularitzako ibilbidea Ullibarri-Ganboako urtegian eta inguruko errepideetan egiten da.

Zein da arazoa? Barrundiako Udalak azaldu duenez, guztira 2.300 bat lagunek parte hartzen dute, eta, ondorioz, "eragozpen ugari" sortzen dizkie Barrundiako herritarrei. Udalaren hitzetan, bizilagunek adierazitako kezkak eta nekea "puntu gorenean" zeuden, eta 2019an ez zuen baimenik eman.

Hori dela eta, Barrundiako Udalak alternatibak adostu ditu antolakuntzarekin, "ekimen aberasgarria eta interesgarria" dela ulertuta, eta herritarrentzat konponbide "duina" lortzeko asmoarekin.

Igor Medina Isasa Barrundiako alkateak azaldu du, alde batetik, A-3012 errepidea, Gordoa eta Ozaeta artean, norabide horretan irekita egongo dela; bestetik, Marieta eta Elgea artean dagoen bidea egun horretan erabilgarri geratuko da, biztanleentzako bide alternatiboa baita.

Horrez gain, Ironman lehiaketaren antolakuntzak gauza bera bermatuko du Axpuru eta Heredia arteko bidean.

Azkenik, ekitaldia jasangarriagoa egiteko helburuarekin, zuhaitz landaketa bat egiteko proposamena egin dio antolakuntzak Barrundiako Udalari; alkateak antolakuntzaren jarrera eskertu du eta Arabako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide